Eskozia
(Scotland). Europako herrialdea, Britainia Handiko uhartearen I-an. Mugak: I-an Ozeano Atlantikoa; M-an Ozeano Atlantikoa eta Ipar kanala; H-an Ingalaterra; E-an Ipar Itsasoa. Eskozia lurralde garaia da zati handi batean, I-an batez ere (Highlands). Populazioa erdialdeko lurralde beherean pilatzen da (Lowlands). Uharteko mendirik altuena, Ben Nevis (1.343 m), bertan dago. Klima hiperozeanikoa du. Koaternarioko glaziazioak aintzira, fjord eta estuarioak landu zituen. I eta M-ko kostaldea bihurria da eta uhartez josita dago. Industria (elektronika, motoreak, petrokimika, birfindegiak, artilea eta papergintza) da ekonomiaren oinarria. Ipar itsasoko petrolioa eta gas naturala aberastasun handiak dira. Bestetik, whiskygintzak ere garrantzia du.
Historia. I. m.: Britainia Handiko uhartea erromatarrek konkistatu zutenean, ez zuten uharteko I-ko piktoen lurraldea eskuratzea lortu. VI. m.: eskotoek, britoiek eta angloek piktoak I-rantz bultzatu zituzten eta lurraldea lau taldeen artean banatu zuten. Garai berean, kristautasuna sendotu zen bertan. VIII. m.: normandiarren erasoak eta kolonizazioa jasan zuen Eskoziako IM-ak. 844: eskotoen errege Kenneth I.a Mac Alpin-ek, eskoto eta piktoak bateratu zituen. 1005-34: Malkolm II.ak Eskoziaren batasuna lortu zuen. Garai hartan Eskozia, hizkuntzaz eta antolakuntza politiko-erlijiosoz, guztiz zeltikoa zen. 1124-53: Dabid I.aren erregealdian gizarte feudala eratu eta ingelesen eragina zabaldu egin zen. 1286: Alexandro III.a hildakoan, Ingalaterrako Eduardo I.ak errege basailu bat ezarri zuen lehenik (1292) eta gero konkistatu egin zuen (1296). Wallace eta Roberto I.ak Bruce abertzaleek aurre egin zioten. 1314: Northamptongo itunean Eskoziaren independentzia onartu zuen Ingalaterrak. XIV-XV. m.: Estuardo familiak zuzendutako Eskozia Frantziaren aliatua izan zen. 1513: Jakobo IV.ak Flodden-en izandako porrotak ingelesen anexio-asmoak berpiztu zituen. XVI. m.: John Konx-en erreforma protestanteak aldeko asko lortu zuen Eskoziako aristokraten artean. Hauek, Ingalaterraren laguntzaz, monarkia katolikoa garaitu zuten. Maria Estuardok Ingalaterrako Isabel I.aren gortean babestu zen. 1603: Ingalaterrako Isabel I.a hildakoan, Eskoziako Jakobo VI.ak bi koroak bereganatu eta bi erresumak batu zituen. 1707: Batasun-itunak bi erresumen bateratzea zehaztu zuen. 1715 eta 1745: matxinada abertzaleak gertatu ziren. XVIII-XIX. m.: Ingalaterrako sistema ekonomikoan integratu zen, baina nazio-nortasuna mantenduz. 1974: abertzale eskoziarrek hauteskundeetan botoen herena eskuratu zuten. 1979: autonomi estatuturako erreferendumean botoemaileen % 40 bakarrik agertu zen alde. 1990.eko hamarkadan mugimendu abertzalea berpiztu da. 1997: erreferendumeam, Parlamentu autonomoa berreskuratzearen alde agertu ziren eskoziarrak.
Atzera