helenismo
iz. 1. Zibilizazio grekoa; bereziki, kultura grekoaren eraginpean Greziatik kanpo garatutako zibilizazioa. 2. HIZKL. Hizkuntza grekoari dagokion hitz nahiz esamoldea.
Alexandro Handiaren heriotzatik (K.a. 223) Erromatar inperioa Ekialde Hurbilaz eta azkenik K.a. 30. urtean Egiptoz jabetu zen arte luzatzen da garai helenistikoa. Tartean Mazedonia 168an eta Grezia 166an bereganatuak zituen Erromak. Zibilizazio-ereduari dagokionez, esan daiteke helenismoak gainditu egin zuela garai helenistiko administratiboa Erromatar inperioaren barruan luzatuz. Greziako hiriek, banatuta beren artean ez zuten inperiorik sortzea lortu; baina Alexandro mazedoniarrak nahiz erromatarrek zibilizazio grekoa zabaldu zuten Asia eta Afrika aldera: hizkuntza, filosofia, arkitektura, hirien antolakuntza, arte plastikoak. Horrela, zibilizazio-eremu aski homogeneoa eratu zen kultura grekoaren elementuak eta lurralde bakoitzeko kulturakoak bateratuz.
Alexandro hil ondoren hainbat monarkiatan banatu zen bere inperioa; haren jeneralen eta ondorengoen arteko borroka luzeen ondorioz, Mazedonia antigonotarren eskuetan geratu zen, Egipto ptolomeotarren eskuetan, eta inperioaren Asiako lurralde gehienak seleukotarrenetan. II. mendearen hasieran eta erromatarrak ekialdera jotzen hasi zirenerako, Antzinako Greziako hiriek beren autonomia gordetzen zuten eta inperioaren Asiako partea hainbat erresuma independente eta helenizatutan zegoen banatuta, seleukotarren inperioaren inguruan. Nazio guzti horien funtsezko batasuna denetara zabaldua zen hizkuntza grekoak egiten zuen.
Garai helenistikoa aberatsa izan zen zientzian, filosofian eta artean. Politibio historialaria, Euklides matematikaria, Aristarko eta Seleuko astronomoak, Eratostenes eta Poseidonio geografoak garai horretakoak dira; filosofian epikureismoaren eta estoizismoaren eskola originalak loratu ziren, aristotelismo eta platonismo berriekin batera; orduko eskultura-obra garrantzizkoak igaro dira historiara Miloko Venus eta Laokoon, adibidez. Alexandria kulturgune guztiz garrantzizkoa bihurtu zen, bere liburutegi ospetsuarekin.
Helenismoak herrien arteko harreman politiko eta ekonomikoak ez ezik, harreman erlijiozkoak ere sortu zituen, nolabaiteko sinkretismoa eratuz; horrela, Egiptoko Isis jainkosaren edo Asiako Mitraren edo juduen Jahve-ren gurtza-moldeak Greziara edo gero Erromatar inperiora zabaldu ziren, batez ere hiri kosmopolitetara; Erromak guztiz aberastu zuen bere mitologia Greziako mitologia aberatsa bereganatuz. Erlijio estatal eta ofizialaren aurrez aurre, salbamen pertsonala eskaintzen zuten asiar tradizio erlijiozkoek hartu zuten indarra (misterio-erlijioek, gnostizismoak, etab.). Mundu erlijiozko helenistiko-erromatar hori erortzearekin batera izan zuen bere arrakasta handia kristautasunak, Palestinatik hasi eta Erromatar inperioan zehar zabalduz; ordezkapen-prozesu hori burutu zen nolabait K.o. 313an Konstantino enperadorea bera kristautzean eta 380an Teodosio Handiak kristautasuna Inperioko erlijio ofizial aldarrikatzean.
Atzera