lurzoru

iz. BIOL. eta GEOL. Arroka meteorizatu, materia organiko, ura eta airez osaturiko geruza, Lurraren gainazalaren zati handiena estaltzen duena eta landareen euskarri dena.
Barne-geodinamikak (erliebe-eraikitzailea), kanpo-geodinamikak (klima) eta bizidunek eragindako prozesu fisiko, kimiko eta biologikoen ondorioz arroka ama eraldatzen denean sortzen da lurzorua. Beraz, lurzorua material organiko (humus) eta ez-organikoen nahastea da. Konposizioaren arabera hainbat geruza horizontal nagusi -horizonteak- bereizten dira lurzoruan (eskuarki hiru). Kanpokoa A horizontea da; materia organiko ugari du. Honen azpian B horizontea dago, arroka amaren eta A horizontetik lisibiazioz garraiatutako materialek osatua. Beherago C horizontea dago, meteorizatu gabeko arroka ama alegia (zenbaitetan, arroka ama meteorizatzen hasita dagoen geruzari C horizontea esaten zaio eta arroka amari D horizontea).
Lurzoru-mota nagusiak. Munduko eskualde bioklimatiko nagusietan lurzorua bertako klima eta landarediarekin orekan dago, hau da, klimaren araberakoa da (lurzoru zonalak); dena den, zenbait tokitan (topografia edota arroka ama oso bereziak diren tokietan) klima ez da zoruaren eboluzioaren eragile nagusia (lurzoru intrazonalak). Eskualde klimatikoen arabera, zazpi lurzoru-mota nagusi (zonalak) daude munduan:
a) Lurzoru mineralak eta zohikatza (basamortu hotzetan eta tundran).
b) Podzola (taigan, hau da, konifero-basoen eskualdean).
c) Lurzoru nabar edo lisibiatua (baso hosto erorkor epeletan). Horrelakoa da Euskal Herriko isurialde atlantikoko lurzorua.
d) Txernozem eta antzekoak (estepa kontinental eta subtropikal aridoetan).
e) Lurzoru fersialitikoa (baso subtropikal eta eskualde mediterranearretan). Horrelakoa da Euskal Herriko isurialde mediterranearreko lurzoru gorrixka.
f) Lurzoru ferruginosoa (baso eta sabana tropikal lehorretan).
g) Lurzoru ferralitikoa (baso ekuatorialetan eta sabana tropikal hezeetan).




Atzera