Ekuador

(República del Ecuador). Hego Amerikako estatua, Ozeano Barearen ertzean. Galapagoak ere bereak ditu. Mugak: I-an Kolonbia; E-an eta H-an Peru; M-an Ozeano Barea. Andeek H-tik I-era zeharkatzen dute, bi mendikateatan banaturik (Mendebaldekoa eta Ekialdekoa). Sumendi ugari daude: Chimborazo (6.272 m, Ekuadorreko mendirik garaiena); Cotopaxi (5.943 m, munduko sumendi bizienetakoa). Mendietatik M-ra kostako lautada zabaltzen da eta E-ra Amazonasen arroa. Esku-lanaren erdia inguru nekazaritzan enplegatzen da (artoa, patata eta esportatzeko kakaoa, azukrea, kafea, arroza eta bananak). Petrolio-esportazioa.

Historia. Espainolak iritsi aurretik, Ekuador ingurutan leinu amerindiar batzuk nahikoa aurreratuak bizi ziren, baina XV. m.an Tupac Yupanqui-k inken inperiorako konkistatu zuen lurraldea. Yupanquiren semeak, Huayna Capac-ek, hil aurretik inperioa banatu zuen (1525): Atahualpari iparraldea utzi zion, espainolen esanetan Quitoko erresuma zena; eta Huascar-ek Cuzco-ko lurraldea hartu zuen. Bi anaion artean piztutako gerraren ondorioz, Atahualpa egin zen inperio osoaren buru. Gerra honen amaiera aldera iritsi ziren espainolak Ekuadorrera: Pizarro zen espedizio-buru eta 1531n lehorreratu zen; Atahualpa preso hartu eta 1533an hil egin zuen. 1740: Ekuador, Peruko erregeorderrira bildu zen eta ondoren, Granada Berriko erregeorderriaren menpe gelditu zen. 1822: askatasuna lortu zuen. 1830: errepublika independente bilakatu zen. XIX. m. ia osoan, diktadoreen agindupean egon zen. XX. m. an kostaldeak botere politikoa irabazi zuen, baina hala ere, politika nazionala ez zen aldatu. 1931-40 bitartean 14 lehendakari izan ziren. 1940eko eta 50eko hamarkadetan J.M. Velasco izan zen buruzagi zibila. Nolanahi ere, aldaketa politiko hauek guztiek ez zuten eraginik izan egitura sozial eta ekonomikoan. 1960ko eta 70eko hamarkadetan: erregimen militarrak. 1979: konstituzio berria onartu zen eta hauteskundeetan Jaime Roldos hautatu zuten lehendakari. 1981: Osvaldo Hurtadok ordezkatu zuen. Petrolioaren krisia larriagotu eta egoera ekonomikoa okerragotu egin zen. 1992: Sixto Duran hautatu zuten lehendakari. 1992-94 bitartean giro nahasia izan zen: politikari eta militarrekin lotuta zeuden droga-trafikatzaileak atzematea, greba orokorrak, indiarren errebindikazioak, etab. 1995: muga-arazo zaharrak medio, ia gerra piztu zen Peru eta Ekuadorren artean. 1996: Bucaran Ortiz hautatu zuten lehendakari.




Atzera