periodiko

1. izond. Periodo baten buruan errepikatzen dena. 2. Ik. egunkari. • funtzio periodiko. MAT. Edozein x-entzat, f(x + p) = f(x) gertatzen den funtzioa, p periodo izeneko zenbaki erreal bat izanik [adib., f(x) = sin x]. || taula, sailkapen edo sistema periodiko. KIM. Elementu kimiko guztiak zenbaki atomikoaren arabera sailkaturik agertzen dituena, periodo izeneko errenkadetan eta talde izeneko zutabeetan banaturik.
KIM. Elementuak zenbaki atomikoaren arabera kokatzen dira taula periodikoan, balio txikienetik hasi eta handienera ordenatuta. Elementuen protoi- eta elektroi-kopuruak gora egin ahala propietateak aldatuz doaz eta periodikoki errepikatzen dira. Beraz, elementu bat taulan non dagoen, bere propietateen berri izango dugu eta zein konposatu-mota eratzen dituen jakingo. Zutabe bateko elementuek talde bat osatzen dute, eta nukleoaren inguruko azken geruzan elektroi-kopuru berdina dutenez, propietate kimiko oso antzekoak dituzte. Hain zuzen, kanpo-geruzako elektroi-kopuruak erabakitzen du atomo batzuk besteekin nola erreakzionatu kimikoki. Taulako ilara horizontal bereko elementuek periodo bat osatzen dute. Periodoan ezkerretik eskuinera aurrera egin ahala kanpo-geruzako elektroiak gehitzen doaz poliki-poliki. Taularen ezkerreko aldetik hasita, lehen taldeko elementuak (IA) metal alkalinoak dira, metal zuri zilar-itxurakoak denak eta urarekin erreakzio bortitza dutenak. Hurrengo taldekoak (IIA), metal lurralkalinoak dira; alkalinoekin antza dute, baina urarekin ez dute hain era bortitzean erreakzionatzen. Taularen beste ertzeko muturrean, gas nobleak daude; oso konposatu gutxi eratzen dituztelako deitzen zaie horrela, eta gas kolorge eta usaingabeak dira. Kimikaren ikuspegitik aparteko taldea eratzen dute (1960ko hamarkada arte, gas geldoak). Gas nobleen ondoan, halogenoak kokatzen dira (VIIB taldea); beren propietate fisikoak uniformeki aldatzen dira fluorotik hasi eta iodora bitartean. IIA eta IIIB bitartean kokatutako metalei, trantsiziokoak deitzen zaie; kimikaren ikuspuntutik IA eta IIA taldeetako metal oso aktiboak eta IIIB eta IVB taldeetako ez hain aktiboen artean kokatuak daudelako. Lur arraroak lantanoak eta aktinioak daukaten leku berean daude, ez baitute tokirik taula periodikoan.




Atzera