tabako

iz. 1. Tabako-belarra. 2. Lehortu eta ondu ondoren erretzeko, hauts bezala sudurretik hartzeko edo mastekatzeko prestatzen den landare honen hostoa. Tabako beltza eta gorria. 3. Zigarroa. Tabakoa bukatu zait.
Konkistatzaile espainolak izan ziren tabakoaren berri izan zuten lehen europarrak. 1492an, San Salvador uhartean, bertako amerindiarrek orriak bildu, su eman, kea irentsi eta berriro bota egiten zutela ikusi zuten. Gaur egun, tabakoa lortzeko prozesua, laburbilduta, honakoa da: landatu eta handik hiru bat hilabetera landareari hostoetan orbain horixkak irteten zaizkionean, bildu egiten dira; gero, lehortu eta, hartzidura-prozesu batzuen ondoren, ondu egiten dira, belztu. Hori tabako beltzari dagokionean. Tabako gorria lortzeko, berriz, tabako-orriak berotan lehortu eta deshidratatu egiten dira ondoren, kolore hori-gorrixka lortu arte. Tabakoa hainbat modutara hartzen da. Erretzeko tabakoa hirutara saltzen da: tabako-orriak osorik bilduz eginiko purua edo zigarro purua (tabako beltza), tabako-orria txikituz eta paperezko zilindro batean sartuz osaturiko zigarro edo zigarreta (tabako beltza eta tabako gorria) eta txikitutako tabako-orriak pipan sartzeko. Gainera, sudurretik hartzeko hauts gisa eta mastekatzeko pastillatan ere prestatu ohi da. Munduko tabako-ekoizle nagusia Txina da, ondoren Estatu Batuak eta Brasil.
Tabakoak, erretzen denean, errekuntzan sortzen diren hainbat substantzia kaltegarri (4.000 substantziatik gora aurkitu dira) askatzen ditu kean: nikotina, karbono monoxidoa, azido zianhidrikoa, kedarra eta mundruna, besteak beste. Nikotina dosi txikitan estimulatzailea bada ere, dosi handitan kaltegarria da. Karbono monoxidoak odolaren oxigenazioa oztopatzen du. Kedarrean eta mundrunean minbizia eragiten duten substantziak daude, trakeako mukosa urratu eta eritasun kronikoak eragin ditzakete eta arnas aparatuari erasotzen diote, ohiko gas-trukaketa oztopatu egiten baitute. Odol-zirkulazioan ere eragiten du tabako-keak, odol-hodietako paretak, batez ere arteria koronarioenak, uzkurtzen dituen substantzia asko baititu. Gainera, gaixotasun gastrikoak eragin ditzake, gibeleko zelulei ere kalte egin diezaieke, gibela baita produktu toxikoak desegin behar dituen organoa, eta tabako asko erretzeak sexu-irrika gutxitu egiten du. Ikerketa medikoek erakutsi dutenaren arabera, biriketako minbiziaren gorakada tabakoarekin lotuta dago zuzenean eta erretako zigarro-kopuruarekiko proportzionala da. Gainera, hormonak ere kaltetzen ditu eta organismoaren inmunitate-mekanismoak ahuldu. Tabakoa da minbizi-eragileetan nagusia herri industrializatuetan. Haurdunaldian fetuari eragiten dio; bat-bateko abortuaren arriskua eta jaioberria hiltzeko arriskua handitzen ditu eta, horregatik, haurdunek ez erretzea gomendatzen da.
Erretzea ez da erretzaileentzat soilik kaltegarri. Erretzen ari ez diren, baina erretzen ari direnen hurbil daudenek ere -erretzaile pasiboak deituak- berdin jasaten dituzte tabako-kearen kalteak, toki itxietan batez ere. Hori dela eta, erretzaile pasiboen eskubideak babestearren, toki publiko itxietan erretzea debekatu edota gune jakin batzuetara mugatzeko arautegi eta legeria garatzen ari da, gero eta zorrotzago, batez ere estaturik aurreratuenetan.




Atzera