urregintza
iz. Objektu artistikoak egiteko, urrea edo bestelako metal preziatuak lantzeko artea.
Urregintzak metal preziatuak lantzeko teknikak hartzen ditu bere baitan, baina baita kalitate handiko beste material batzuk (esmaltea, bolia, harri bitxiak) eta hain preziatuak ez diren beste metal batzuen (eztainua, etab.) lanketa ere.
Urregintzaren lehen arrastoak K.a. III. milurtekokoak dira eta Mesopotamian, Egipton, Mizenasen, etab.en aztarna ugari aurkitu da. Txinatar, iberiar, inka, txibtxa eta beste zenbait herrik ere maila handia erakutsi zuten arte honetan. Erromatar Inperioan aurrerapen handiak egin ziren eta barbaroen inbasioen ondoren Bizantzio bilakatu zen urregintzaren gune nagusi. Europako iparraldeko herri barbaroek beren tradizioari eutsi zioten bitartean, Europako hegoaldean finkatu zirenek antzinako kultura mediterranearrak asimilatu zituzten eta urregintzan Egipto eta Bizantzioren eragina izan zuten.
Erdi Aroan monasterioak izan ziren urregintzaren gune nagusi eta gurtzarako ornamentuak (gurutzeak, erlikiak, kutxak) egitea izan zen jarduera nagusia. Burgesiaren sorrerarekin urregintza laikoari hasiera eman zitzaion XII. m.an, eta noble eta merkatari aberatsen zerbitzura jarri zen. XII-XIII. m.etan, Frantzian Saint-Denisko eskola eta Limogesko eskola ziren garrantzitsuenak; Italian berriz, Montecassinokoa. Errenazimentutik aurrera benetako maisu-lanak egin ziren Italian. Bestalde, Amerika aurkitutakoan handik ekarri zen urreak eta Italiako gorteak eragindako luxuak urregintzaren garapena ekarri zuten; erregeek legeak atera behar izan zituzten artelanak egitea eta haien salmenta arautzeko. XVI. m.ko urregin famatuena Benvenuto Cellini florentziarra izan zen. XVIII. m.an Frantziako urreginak izan ziren ospetsuenak; esate baterako, T. Germain, Roettiers, Meissonnier eta Ballin Europa osoan ziren ezagunak.
Galvanoplastia asmatu zenean, 1840an, urregintzari aukera berria eman zitzaion, elektrolisiaren bidez gainazal metalikoa beste metal batez estaltzea zegoelako. Horrela, lanak merketu eta eskuragarriago bilakatu ziren.
Atzera