Aro Modernoa

Konstantinopla otomandarren eskuetan erori zenetik (1453) edo Amerikaren aurkikuntzatik (1492), Iraultza Frantsesera (1789) bitarteko aro historikoa.
Aro historiko handien banaketa (Antzin Aroa, Erdi Aroa, Aro Modernoa, Aro Garaikidea) Europako historiografiatik eginda baldin badago, bereziki Aro Modernoaren kontzeptua dago lotuta Europaren historiari eta honek munduan zuen gailentasunari.
Aro Modernoaren jaiotza eta ibilbidea klase berri baten indartzeari lotuta dago: burgesiari, alegia. Horren indartzeak, maila ekonomikoan nahiz politikoan, mundu feudalaren suntsipena esan nahi zuen. Eraketa ekonomiko, sozial eta politikoen azpian, ordea, aldakuntza kultural sakona dago, Errenazimentuan abiatzen dena. Izenak antzinako garai klasiko greziar-erromatarren tradizioa berreskuratzea adierazten badu ere, hori baino gehiago da Errenazimentua: pentsamendu humanistak eta gizakia munduaren erdigunetzat hartzeak definitzen dute funtsean hori. Oro har, europarren munduaren ikuspegi dinamikoagoa eta gizateriaren aurrerapenean sinestea nagusitzen hasi zen, ezarritako egietan finkatutako mundu-ikuskeratik arrazoian oinarritutako pentsamoldeetara iraganez eta gizartearen laikotasunerako bideak urratuz. Horrekin batera, Amerikaren aurkikuntzak perspektiba geografiko eta kultural berria ireki zion Europa modernoari, haren konkistak eskuratu zizkion urre- eta zilar-pila handiekin, eta merkataritzarako ireki zitzaizkion eremu zabalekin batera (Amerika, Asia). Amerikarentzat berriz, zurgapen ekonomikoarekin batera, bertako zibilizazio handien eta herri askoren suntsipena eragin zuen Europaren politika kolonialistak.
Burgesia jaio berriaren garapenak kapitalismoaren lehen egiturak sortu zituen, eta feudalismoaren gainbeheraren ondorengo monarkia handi absolutuen estatu-egiturak bermatzen hasi ziren; horien gainditzea eta Aro Modernoaren fruitu politiko nagusi izango zen estatu-nazioen eraikuntza. Aldi berean direlako estatuek mundu-mailako hedapenari ekin zioten; Espainia eta Portugal nagusitu ziren aurrenik, beren inperio zabalekin; gero Frantziara pasako zen nagusitasun hori; bestalde, Otomandar inperioak goren maila ezagutu zuen, baina bai bere gainbeheraren hasiera ere. Asian, Txina Handiak bere baitan itxita jarraitzen duen bitartean, Indian, mogolen inperioa hedatu zen, ingelesen eskuhartzeak haren gainbehera eta azkena ekarri zuten arte.
Erlijio-alorrean, Erreforma protestanteak astindu handia ekarri zion Europari, beraren ondorio sozial, ekonomiko eta politiko eta guzti; aita santuaren itzala eta agintea murriztu egin ziren Europaren iparraldean; baina Erromako Elizaren kontrarreformak lurralde latindarretan batez ere bere presentzia finkatzea lortu zuen, Amerikan eta Asian misio-zabalkunde handiari ekitearekin batera.
Burgesiaren indartzea eta Ilustrazio sekular eta liberalaren zabaltzea batera etorri ziren Aro Modernoan. Maila ekonomikoan, sozialean eta ideologikoan ez ezik, politikoan ere indarra hartuz joan zen hori. Horren garaipena eta gailur sinbolikoa Iraultza Frantsesean gertatu ziren, monarkia absolutuaren suntsipenarekin eta giza eskubideen aldarrikapenarekin (1789).
Euskal Herrian, Aro Modernoa Nafarroako erresumaren azkenarekin batera (1512) abiatu zen. Espainiako eta Frantziako monarkien menpe, beren erregimen foralaren babesean iraun zuen, tradizioei atxikita; Amerikaren kolonizazioa izan zen euskaldun askorentzat beren perspektiba ekonomikoak zabaltzeko bidea. Europako Ilustrazioaren ideia progresista eta liberalak Azkoitiako Zalduntxoen bidez etorri ziren batez ere Euskal Herrira.




Atzera