Neolitoa

Historiaurreko aroa, Mesolitoaren eta Metal-Aroaren artean dagoena.
Harria lantzeko forma berritik hartu du aro honek izena, Paleolitoan ez bezala lanabes eta tresnatzat zeuzkan harriak leuntzen hasi baitzen gizakia. Hala ere, ez da hori "iraultza neolitikoa" esan ohi zaionaren ezaugarri bakarra. Izan ere, eta azken glaziazioaren ondorengo klima epelagoak lagunduta, aro honetan gizakia ehiztari-biltzaile huts izatetik nekazaritzan eta abeltzaintzan jardutera iragan zen, hau da, produkzioan hasi zen. Horrez gain, buztingintza, otarregintza eta merkataritzaren hastapenak ere garatu ziren. Populazioa nabarmen hazi zen eta gizartea leinutan bildu ahala, finkatzeko eta bizilekuak eraikitzeko joera nagusitu zen. Lehen kultura neolitikoen aztarnak Ekialde Hurbilean aurkitu dira eta K.a. 9000 ingurukoak direla kalkulatu da. K.a. 7000-6000rako Neolitoa garaturik zegoen eskualde horretan, eta bertatik hainbat lurraldetara hedatu zen. Europara Grezian eta Balkanetan barrena sartu zen, eta bi hedapen-bide izan zituen: Mediterraneoa eta Danubioren arroa, K.a. 4000-3000 bitartean Europako mendebaldera iritsiz. Ekialderantz, K.a. 5000-4000 bitartean Irango goi-lautada, Afganistan, Turkmenistan eta Balutxistanen zabaldu zen, handik Indoren haraneraino eta Dekkaneraino zabalduz (K.a. 3000). Ekialde Urrunean eta Asiako hegoekialdean, Neolitoa, kanpotiko kultur hedapena edo inbasioa baino areago, bertako kulturaren bilakaera eta aitzinamenduaren ondorio dela dirudi, eta aurreneko aztarnak K.a. 5000 ingurukoak dira. Amerikan nekazaritzaren hasiera (K.a. 2500) bertako kulturen eboluzioa ala Asiatik zabaldutako ohitura berria izan zen ez dago oraindik argi.




Atzera