aitasantutza
iz. Aita santuaren ministerio eta kargua.
Bi alderdi ditu, elkarri lotuta doazenak baina bereizi beharrekoak: Eliza barruko ministerio gorenari dagokiona, bata; eta kanpora begira, gizartean, kulturan eta politikan izan duen eginkizun eta eraginari dagokiona, bestea.
Elizaren historiako lehen hiru mendeetan Erromako apezpiku zen batez ere aita santua; hala ere, beste elizen aldetik lehentasuna aitortzen zioten, Eliza barruko fedezko, irakasbidezko eta diziplinazko hainbat erabaki hartzean. Kristau-erlijioa Erromatar inperioko erlijio ofizial bihurtzean (Konstantino enperadorea, 313), aitasantutzak ere indar sozial handiagoa irabazi zuen. Ondoko urteetan eta mendeetan egin ziren Kontzilio ekumenikoetan eskuduntza erabakitzailea agertu zuen aita santuak, bere legatuen bitartez. Aldi berean, eta bereziki Erromatar inperioa desegitean, aita santuaren autoritate moral eta politikoa oso nabarmendu ziren, erresuma berrien aurrean. Erdi Aroan handituz joan zen Mendebaldeko Elizaren eta Ekialdeko Elizen arteko leizea, azken hausturarainokoa, Ekialdeko Zismarekin (1050); Erromako eta Konstantinoplako Inperioen arteko banaketarekin, konkurrentzia politikoarekin eta urruntasun kulturalarekin batera joan zen handituz leize hura.
Gregorio VII.aren (1073-1085) Eliza barruko erreformaren bitartez finkatu zen behin-betirako aitasantutzaren lehentasunezko autoritatea Mendebaldeko Elizan. Ordutik hona Mendebaldeko Elizan ezarritako harremanetan eta praktikan aitasantutzaren gailentasuna eta eskuduntza berretsiz joan dira, nahiz eta behin baino gehiagotan kontrako erreakzioak ere agertu Eliza barruan (protestantismoa, galikanismoa, etab.) nahiz botere politikoen aldetik. Erdi Aroko eta Modernoko Kontzilio ekumenikoak aitasantutzaren elizabarruko eskuduntza zentralaren adierazgarri dira.
Eliz hierarkiaren zentralizazioaren eta aitasantutzaren gailentze-prozesuaren gailurra Vatikanoko I. Kontzilioak (1869-1870) erakutsi zuen, bertan aldarrikatu baitzen dogmatzat aita santuaren hutsezintasuna, fedezko eta moraleko egiaren bat bere autoritate doktrinal osoa erabiliz definitzen duenean. Era berean, Eliza unibertsalaren buru ikuskorra -ikustezina Kristo bera aitortzen du-, aita, irakasle, artzain eta agintari gorena aldarrikatu zuen aita santua Kontzilioak. Aita santuak, beraz, eskumenik gorena du Elizaren sakramentuen, doktrinaren eta diziplinaren alorretan.
Kontzilio horren nolabaiteko kontrapisua eginez, Vatikanoko II. Kontzilioak (1962-1965), apezpikuen ministerioa goraipatu zuen bereziki, beraien banakako eskumenean (bakoitza bere diozesian), eta gorputz (kolegio) gisa denei Eliza osoarekiko ardura eta eskua aitortuz. Aita santua kolegio horren buru aitortu zuen.
Ekialdeko Zismaren eta Mendebaldeko XVI. mendekoaren ondoren, aitasantutzaren onarpenak eta hori ulertzeko moduak bereizten ditu funtsean Elizaren hiru adar nagusiak: katolikoa, ortodoxoa eta protestantea.
Aitasantutzaren eskumen erlijiozko eta politiko-zibilaren taxuerak gora-behera handiak izan ditu historiaren joanean. Erromatar inperioa erortzean eta gero Erdi Aro osoan, Elizaren buru izpiritual ez ezik, kristau-komunitatearen gidari politiko ere bihurtu zen, enperadoreen, erregeen eta jaun feudalen artean benetako botere politikoa egikarituz. Horren oinarri eta ondorio izan zen baita aita santua benetako estatuburu bihurtzea ere, 754tik aurrera handituz joan ziren Estatu pontifikalak izenekoetan. Italiaren batasunarekin batera, galdu zituen aitasantutzak bere subiranotasun peko lurraldeak (1870), eta 1929an Mussoliniren gobernuarekin egindako konkordatuarekin, Vatikanoko estatu txiki subiranoarekin geratu zen, estatu eta gobernuekiko Elizaren independentziaren oinarri. Bertako estatuburu da aita santua; eta bere nuntzio eta ordezkarien bitartez eraturik ditu beste estatuen arteko harreman diplomatikoak.
Hogei mendetako historiaren ondoren, erlijio-alorreko eta eskumenaz gain, nabaria da aitasantutzaren eragin moral, sozial eta politikoa, sarritan kontrako erreakzioak ere sortzen dituena.
Atzera