alkoholismo

iz. Edari alkoholikoak gehiegi edateraren ondorioz sortutako alkoholarekiko menpekotasuna eta toxikapena.
Hartziduraz (ardoa, sagardoa, garagardoa) zein distilazioz (pattarrak) lortutako edari alkoholiko guztien oinarrizko substantzia alkohol etilikoa edo etanola da. Sagardoak edota 5º-ko garagardoak litroko 40-50 g alkohol absolutu ditu; 10º-ko ardoak litroko 80-100 g; 20º-ko aperitibo edota likoreek litroko 180-200 g eta whisky, ko-ak eta beste alkohol zuriek litroko 320-400 g bitarteko alkohol-kopurua izaten dute.
Mukosa gastrointestinalaren bidez zurgatzen da alkohola; esate baterako, duodenoan eta jeiunoan zurgatzen da azkarren alkohola. Alkohola % 15-30 duten edarietan zurgatze-prozesua azkar egiten da. Janarekin nahasiz gero nekezago zurgatzen da. Zurgatu ondoren erraia guztietara zabaltzen da: zelula barnera nahiz kanpora uniformeki banatzen da. Oreka hau odoleko alkohol-kopuruan (alkoholemia) eta botatako airean ere mantendu egiten da (hauxe da alkoholemi frogaren oinarria).
Alkohola gibelean metabolizatzen da, alkoholdeshidrogenasa deituriko entzimari esker, lehenik azetaldehido batean eta gero azido azetikoan transformatzen duel arik; egunean (24 ordutan zehar) 168 g alkohol baino ezin dezake metabolizatu.
¥ Toxikapen alkoholiko akutua. Mozkorra egotea, denbora-tarte gutxi-asko laburrean alkohol gehiegi hartzearen ondorioa da. Alkohol-dosi txikiak hartuz gero poza, alaitasuna eta euforia sentitzen dira, baina edalea erabat kontziente egoten da. Alkoholemi maila handitu ahala, agresibitatea areagotu, kontrola galdu, hizkera nahasia nagusitu eta pertzepzio-ahalmena galduz joaten da. Oraindik ere alkohol gehiago hartuz gero, eta batez ere denbora-tarte laburrean hartuz gero, odolean alkohol gehiegi kontzentratzen da eta lo-egoera nagusitzen da; edaten segituz gero, koma-egoerara ere irits daiteke. Egoera honetan kolapso edo asfixiak heriotza eragin dezake, baina gehienetan, ordu batzuen buruan egoera normalizatu egiten da eta edaleak biharamuna eta gorputzaldi txarra baino ez du sentitzen.
¥ Alkoholismo kronikoa. Urteetan zehar egunean 160 g baino alkohol gehiago (10º-ko bi litro ardo) hartzen duena alkoholiko kronikotzat hartzen dute medikuek. Edaleak ezin izaten dio edateari utzi eta utziz gero abstinentzi sintomak izaten ditu. Zenbaitek eguneroko edari-kopurua kontrola dezake mozkortzera iritsi gabe, baina beste askok ez dute kontrolik eta etengabe edaten dute mozkortzera iritsi arte. Fase honek aldaketa psikologiko eta somatikoak agertzea du ezaugarri; ondorioz, konplikazio handiak izaten ditu: asaldura neurologikoak, gastritisa, ultzera gastroduodenala, zirrosi hipertrofikoa, arnas aparatuko minbizia, tuberkulosia, etab. Alkohola hartzeari bat-batean utziz gero, abstinentzi sindromea agertzen da eta sindromearen lehenengo sintomak hauexek dira: anorexia, insomnioa, gorputz-adarretako dardara, ahalmen intelektualak gutxitzea, etab. Egoera hau behar adina zaintzen ez bada, delirium tremens delako egoera ager liteke.
Alkoholiko kronikoak aldaketa psikologiko eta somatiko nabarmenak jasaten ditu; izaera- eta afektibitate-aldaketak, suminkortasuna, zeloak, umore-aldaketa handiak, depresioa, etab. nagusi izaten dira; azken fasean, lan-mundutik eta gizarte-harremanetatik ihes egiten du.




Atzera