antisemitismo
iz. Juduenganako aurkakotasun sistematikoa oinarri duen praktika eta ideologia.
Badago joera antisionista, besterik gabe, antisemitismotzat eta antijudaismotzat hartzekoa. Izatez edozein antisionista -sionismoaren edo Israel estatuaren aurkakoa- ez da, besterik gabe, antisemita. Judu asko izan da eta da antisionista, mugimendu ideologiko eta politikotzat hartuz sionismoa; eta badira judu ortodoxoak, Israelgo estatuaren kontrakoak.
Normalean antijudaismoarekin berdintzen da antisemitismoa. Hala ere, antisemitismoak sustrai politikoak, arrazazkoak edota erlijiozkoak eduki ditzake; antijudaismoa erlijiozko arrazoiei dago bereziki lotuta. Antisionismoan arrazoi guztiak bateratzen dira sarritan.
Diskriminazio sozial, ekonomiko eta politikoarekin batera joan izan da maiz antisemitismoa. Horrelako neurriak antzinakoak dira bereziki Europaren historian. Teodosio II.ak (414-439) ezarriak zituen juduen kontrako legeak: horiek ez dute kargu ofizialik izaterik eta ez zuten kristaurik beren esklabotzat edukitzerik. Erdi Aroko gizarte kristauetan, hirietako aparteko judu-auzotan bizitzera behartuta zeuden juduak; nekazaritzatik apartatuta, merkataritzan eta finantzatan jardun zuten bereziki, eta sarritan zerga altuak ordaindu behar izaten zituzten. 1233an Gregorio IX.a aita santuak juduak jantzietan kristauengandik bereiztera behartu zituen. Kristauen aldetik behin baino gehiagotan ezinikusiak eta erasoak jasan behar izaten zituzten. Iberiar penintsulan haien kontrako lege diskriminatzaileak zorroztuz joan ziren, haiek kristautu nahian ere bai. 1942an etorri zen juduen kanporatze-dekretuaren ondorioz, bertako juduek Europako beste herrietara (Ipar Euskal Herrira ere bai) eta Mediterraneokoetara alde egin behar izan zuten.
Nafarroan eta Araban judu-komunitate garrantzizkoak bizi ziren Erdi Aroan, batez ere XIII. mendetik aurrera (Tutera, Lizarra, Iruņea, Gasteiz, etab.); Gipuzkoan (Seguran, Arrasaten) eta Bizkaian (Urduņan) ere baziren judu-auzoak. Espainiako erresumetakoen antzeko diskriminazioak eta erasoak jasan zituzten juduek Nafarroakoan; baina erresuma honetatik beranduago kanporatu zituzten: 1498an bota zituzten, Espainiako Errege-erregina Katolikoek behartuta.
Antisemitismoa bigunduz joan zen Europan XVIII. mendearen erdialdetik aurrera, eta juduen integrazio sozialaren mugimendua garrantzizkoa gertatu zen. Baina XIX. mendearen azken aldera berriro indarrez piztu zen. Horren gailurra 1935ko Nuremberg-eko lege naziek ipini zuten, eta horien ondoriozko juduen aurkako sarraskiak, juduen holokaustotzat ezagutzen denak.
Atzera