demografia

iz. 1. Giza populazioen egoerari buruzko azterketa koantitatiboa egiten duen zientzia. Bereziki biztanleen kopurua, dentsitatea, hazkundea, banaketa eta mugimenduak aztertzen ditu. 2. Eskualde baten populazio-maila. Demografia txikiko eskualdea.
Eremu geografiko jakineko (herriko, eskualdeko, herrialdeko) nahiz mundu zabaleko giza populazioaren gorabeherak (une jakin bateko egoera edota eboluzioa) aztertzen ditu, hainbat ikuspegitatik begiratuta: kopuru globala eta banaketa (geografikoa, sexuen araberakoa, adinezkoa, etab.), leku bakoitzeko dentsitatea, jaiotza- eta heriotza-tasak, emigrazioak, etab. Gainera gorabehera horien arrazoia eta ondorio ekonomiko, sozial eta kulturalak aztertzen ditu hurbileko zientziekin batera. XIX. mendetik hasita eta batez ere mende honetan ekonomialariak eta politikariak bereziki kezkatuta daude munduko populazioaren gorakadari buruz. Lurbirako giza populazioaren hazkundearen grafiko historikoa eginez gero, XIX. mendearen erdira arte, apala izan da horren igoera; baina hortik aurrera populazioaren gorakada handia da: 1850ean 1.000 milioi baziren munduko biztanleak, handik ehun urtera (1950) hiru aldiz gehiago ziren (3.000 milioi); ehun urte geroago (2.050) 10.000 milioi izan daitezkeela uste da. 1994ean 5.500 milioi inguru ziren. Garapen ekonomikoak zerikusi handia du populazioaren hazkunde horretan, ekonomiaren oinarrizko legeak onartzen ez duelako aldi bakoitzean elikatu ezin besteko gizon-emakumeen kopurua handitzea; bestalde, munduko biztanleen kopuru absolutuarekin batera guztiz garrantzizkoa da horien banaketa geografikoa kontuan edukitzea, garapen ekonomiko ezberdineko eremuen arabera. Izan ere, munduko eremu jakin batzuetan oso trinkoa da populazioa (Asiako hegoekialdean bereziki), eta beste eremu handi batzuetan askoz bakanagoa (Afrikan, Amerikan). Datozen urteotako igoera-tasa, berriz, bereziki handia izango da Asiako ekialdean eta munduko eremu azpigaratuetan. Milurtearen azken hamar urteotan 650 miliotik 900 milioira pasako da Afrika; Hego Amerika eta Karibe itsasoko herrialdeak, berriz, 450 milioitik 550 milioira. Bi ondorio nagusi ekarriko ditu horrek mundu-mailan: hiriguneak ugaritzea eta hirigune erraldoiak eratzea, batetik, eta hirugarren mundutik mundu industrializaturako emigrazio masiboa, bestetik. Horrek guztiak arazo ekonomiko, sozial, kultural eta ekologiko berebizikoak ekarriko ditu. Guztiz garrantzizkoa da gaur egun demografiaren laguntza edozein alorretako politika planifikatzeko orduan, udal- eta herrialde-mailan nahiz estatu-mailan eta nazioartekoan.




Atzera