desamortizazio

iz. Desamortizatzeko ekintza eta horren ondorioa.
Erdi Arotik hasita Elizaren eta erlijiosoen eskuetara dohaintzaz nahiz salmentaz pasatako ondasunak eta bereziki lurrak oso ugariak eta zabalak ziren. Sarritan horiek Elizaren legez lotuta zeuden, eta ezin ziren saldu edo besterendu. Egoera horrek merkatu libreari zekarzkion trabak gainditzeko eskabideak antzinakoak ziren; baina erregeek ez zuten neurririk hartu. Bestalde, lur horien emankortasuna eskasa zen sarritan. Nekazaritzaren berrikuntzak eta ekonomiaren modernizazioak neurri juridiko-politikoak eta ekonomikoak eskatzen zituen, ondasun-masa hori askatzeko eta zirkulazioan ipintzeko. Elizari buruz esandakoak balio zuen nolabait udalen ondasun askori -propioei- buruz ere. 1798-1855 bitartean garatu zen estatu Espainolean desamortizazio-politika. Hartutako neurrietan bazeuden bestelako arrazoiak ere: bereziki Estatuak berak baliabide ekonomikoak lortzea eta bere zor publikoa jaistea.
Bi legealdi izan ziren bereziki ezagunak desamortizazioaren historian: 1835-37 urteetakoa (hazienda-ministro eta lehen ministro zen Mendizabalen desamortizazioa) eta 1855ekoa (Madozen legea). Aurrenak erlijiosoen eta klero sekularraren ondasunak ukitu zituen bereziki; horietako asko kendu zitzaizkien monasterio eta komentuei -sarritan horiek itxiz- eta parrokiei, salmentan edo enkantean jarriz. Bigarren desamortizazio-aldia, Elizarenarekin batera, udalen ondasun propioetara zabaldu zen (hauetan Estatuak hartu zuen salmentako ordainaren % 20a, beste % 80a Udalari utziz).
Espainiako gobernuak, bere ideologia ekonomiko liberalaz gain, eta aipaturiko arrazoiekin batera, bazuen bestelako interesik ere, lotuta zeuden ondasunak klase dirudunaren aukeran ipintzeko, horrela karlismoaren aurkako sektore indartsua bere aldera erakartzeko. Mendizabalen desamortizazioaren aurretik 1808an Jose I.ak hainbat monasterio eta komentu kendua zuen Hego Euskal Herrian. Mendizabalen desamortizazioak, berriz, Karlistadetan harrapatu zuen Hego Euskal Herria; horregatik liberalak nagusi ziren lekuetan bakarrik aplikatu ahal izan zuten nolabait. Madozenean ere oposizio handia aurkitu zuten desamortizazio-dekretuek agintari politikoen aldetik ere, bertako foruen aurka zihoazela eta. Nafarroan adibidez, Madozen legeak ez zuen eragin handirik izan udalen ondasunen desamortizazioan, bertako gobernua kontra jarri zelako (desamortizatuta saltzen zirenen ordain-diru guztiak geratu behar zuen gainera Udalarentzat, Estatuari % 20 eman gabe); bestalde aurreko urteetan udalen ondasun propio asko saldua zuten.
Elizaren eta udalen desamortizazioak ez zuen nekazaritzaren erreformak eskatzen zuen banaketa hoberik lortu; alderantziz, lehen baino kontzentrazio handiagoa eragin zuen, lur-sail handiak erosle dirudunen eskuetara pasaz.




Atzera