eslaviar

adj. eta iz. 1. HIST. Hizkuntza eslaviarrez egiten den lurraldeetako talde etnikoetako kidea; talde horiei dagokiena. 2. HIZKL. Europako erdialde eta ekialdean eta SESB ohian hitz egiten diren hizkuntz talde indoeuroparra.
HIST. Eslaviarrek ez dute nazionalitate bakar bat osatzen; egungo errusiarrek, bieloerrusiarrek, kroaziarrek, ukrainarrek, poloniarrek, txekiarrek, eslovakiarrek, esloveniarrek, serbiarrek, bosniarrek eta bulgariarrek eslaviar izena hartzen dute. Herri eslaviarrak Karpatoetako iparraldean bizi ziren K.o. I. eta II. mendeetan. Huno eta abaroengandik ihes eginez, IV. mendean eta, batez ere, VI. mendean migratzeari ekin zioten eta Trieste eta Peloponesoraino iritsi ziren. Elbaz haraindi eta Grezian ere sartu ziren, baina egotziak edo asimilatuak izan ziren. Inork ez zien galarazi, ordea, ekialderantz hedatzea eta Itsaso Beltzeraino iritsi ziren. Tribuen artean behin-behineko batasunak eratu ohi zituzten eta printze baten inguruan biltzen ziren, baina beraien arteko liskarrak ere etengabeak ziren eta defentsarik gabe geratzen ziren inbasioen aurrean. IX. mendean sortutako Moravia Handia izan ezik, eslaviarrek ez zuten estatu antolatu handirik osatu. Baregoen laguntzarekin Kiev-eko estatu errusiarra sortu zuten, eta bulgariarrekin Bulgaria. IX. mendean Zirilok eta Metodiok Moravia Handia ebanjelizatu zuten, eta eslaviarrentzat alfabeto glagolitikoa (zirilikoaren aitzindaria) sortu zuten. Bulgariarrek eta serbiarrek errito bizantziarreko kristautasuna bereganatu zuten, X. mendearen bukaeran errusiarrek ere hartu zuten bezala. Kroaziarrek eta poloniarrek erromatar erritoari jarraitu zioten eta hau Bohemia osoan hedatu zen.
Mendeak iragan ahala Ekialdeko eta Mendebaldeko eslaviarren arteko aldeak areagotu egin ziren. Lehenbizikoak eta hegoaldekoak ortodoxoak ziren; bigarrenak katolikoak ziren eta Mendebaldeko kulturaren eragin handiagoa izan zuten. XV. mendean Europa eslaviarra bitan banatu zen, Austriaren (Bohemia eta Eslovenia) eta Otomandar Inperioaren artean. Errusiak eta Poloniak bakarrik eutsi zioten beren independentziari. Gainerako nazioek XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran lortu zuten independentzia eta estatu eslaviar berrietan bildu ziren.
Gaur egun Iparraldeko eslaviar batzuk katolikoak dira, bakarren batzuk musulmanak eta gainerako herri eslaviar gehienak kristau ortodoxoak dira. 280 milioi eslaviar inguru bizi dira gaur egun mundu osoan, Europako erdialde eta ekialdean eta Asiako iparraldean gehienak.
HIZKL. Europako erdialdean eta ekialdean mintzatzen diren hizkuntza eslaviarrek, hiztun-kopuruari dagokionez Europako familia nagusia osatzen dute (300 miliotik gora). Hiru talde bereiz daitezke: ekialdekoa (errusiera, ukrainera, bielorrusiera), mendebaldekoa (poloniera, txekiera, eslovakiera) eta hegoaldekoa (serbokroaziera, bulgariera, esloveniera, mazedoniera). Denak gramatika konparatzailearen bidez eraikitako lehen eslavieraren ondorengoak dira eta V. mendetik VIII. mendera bitartean indoeuroperatik bereizitako eslavieraren ezaugarri anitz gordetzen dute. Sistema kontsonantikoaren aberastasuna eta bokalikoaren sinpletasuna, bereizteko balioa duen azentua (mendebaldeko hizkuntzetan ez bestetan), deklinabide anitzeko sistema eta aspektuak denborak baino garrantzi handiagoa izatea dira hizkuntza eslaviarren ezaugarri nagusiak.
Dalmazia eta Montenegroko eliza katoliko batzuetan antzinako idazkera glagolitikoa erabiltzen dute; gainerantzean tradizio ortodoxoko herri eslaviarrek alfabeto zirilikoa erabiltzen dute, eta tradizio katolikokoek, alfabeto latindarra.




Atzera