Miarritze

Lapurdiko kostaldeko udalerria; 28.742 bizt. (miarriztarrak). I-an eta M-an Bizkaiko Golkoa, H-an Bidarte eta Arbona eta E-an Arrangoitze eta Angelu ditu mugakide. Udalerria administratiboki bi kantonamendutan banatuta dago: Miarritze Ekialdea eta Miarritze Mendebaldea. Klima ozeanikoa da; hezea eta epela urte osoan. Kostalde koskatsua du, lurmutur, irla eta hondartza ugarikoa. Angelu eta Baionako kantonamenduekin batera BAB (Baiona-Angelu-Miarritze) delako elkartea osatzen du eta bere bilakaera bi kantonamendu hauen ekonomiarekin loturik doa. Miarritzen dago Ipar Euskal Herriko aireportu bakarra (Parmako aireportua). Turismoaren garapenari esker herria hazi eta zerbitzu-sektorearen garrantzia areagotu egin da (hotelak, jatetxeak, kasinoa, dendak, etab.) eta industria (eraikuntza, material elektrikoak) bigarren mailako ekonomi jarduera da. Garapenak populazioaren etengabeko gorakada eragin du, bereziki XX. m.aren bigarren erdian (1946an 20.022 biztanle ziren eta 1990ean 28.742) eta biztanle-dentsitate handia du, Euskal Herri osoko handienetakoa: 2477,76 bizt./km<+>2<+> (1990ean). Historia. Historiaurreko aztarna anitz agertu da Miarritzen, hasi Behe Paleolitotik eta Eneolitora bitartekoak. XI. m.rako bazuen portua eta San Martini eskainitako eliza ere bai; honen patronatua Baionako katedralari eman zion bertako jaunak 1168 aldera. XII-XIV. m.etan, balearen arrantza jarduera biziki garrantzitsua izan zen Miarritzeko arrantzaleentzat; hartarako eskubidea Akitaniako dukeak emana izan zuten (1152az geroztik Ingalaterrako erregea zen Akitaniako dukea). Balea harrapatzeko eskubide eta zergak izan ziren, hain zuzen, arrantzale miarriztar eta baionesen arteko mende hartan hasita izaniko auzi frankoren iturri. XV. m.tik aurrera gainbeheran sartu zen balearen arrantza eta XVIII. erako arrantza bera ere bai. Gainbehera horrek baino areago, errege-erreginek eta aristokratek (Eujenia de Montijo, Napoleon III.aren emaztea) opor-lekutarako Miarritze hautatu izanak osotara aldatu zuen bertako ekonomi jarduera; XVIII. m.an agertu ziren lehenengo bainuzaleak, baina Iraultza Frantsesaz geroztikoa, XIX. m.koa, izan zen luxuzko turismoaren mugimendu handiena. Bigarren Mundu-Gerran, 1940an, alemaniarrek okupatu zuten eta kostaldeko defentsarako zenbait eraikuntza egin bertan. 1944an, aliatuen hegazkinek bonbardatu egin zuten hiria (Angeluko zati bat ere harrapatu zuen); jende anitz hil zen. Artea. San Martin eliza 1541ean berreraiki zen; gotikoa da eta aipagarriak ditu, bateko, ojiba-ganga eta besteko, bertako enperadore-kapera. Eliza eta kapera monumentu izendatuak daude. Boulard gaztelua 1883an eraiki zen estilo neorrenazentistari jarraikiz. Halaber, Hotel du Palais (Eujenia de Montijoren jauregia izan zen) XIX. m.koa da, fatxada erromantikokoa. Monumentu izendatuta daude gaztelua eta hotela.



Atzera