berotegi

iz. Barazkiak, loreak, fruta-arbolak, etab. beren berezko garaitik edota klimatik kanpo landatu eta hazteko leku egokitua. Metalezko edo zurezko armazoi baten gainean ezarritako beirazko edo plastikozko estalki batez eratzen da. berotegi-efektu. FIS. Planeta-atmosferen behealdeko geruzak berotzean datzan fenomenoa.
NEKAZ. Kanpo-ingurunetik isolatutako egitura da berotegia eta bertan nahierara eragiten da landareen hazkundea baldintzatu eta gidatzen duten faktoreen gainean (beroa, argia, hezetasuna, etab.). Material, itxura eta forma askotakoak badaude ere, gaur egun pareta gardeneko barruti edo itxitura, barnean pertsona zutik ibili ahal izateko adinako altuera duena, definitzeko erabiltzen da berotegi terminoa. Inguruneko klima-baldintzen araberakoa da berotegiko instalazioaren konplexutasun-maila. Automatika eta informatika erabiltzen dira berotegi konplexu eta espezializatuetan funtzio askoren gestioan (aireztapena, ureztapena, berokuntza, argiztapena), errendimendu handiak lortuz.
FIS. Eguzki-erradiazioa planeta-gainazalera argi ikuskor moduan iristen da nagusiki. Gainazalak erradiazio hori izpi infragorri moduan berrigortzen du, bero moduan alegia. Atmosferako hainbat gasek beroa zurgatu eta burusi moduan jokatzen dute, atmosfera berotzen delarik. Esaterako, Artizarraren berotegi-efektuak tenperatura planetari legokiokeena baino 400 C handiagoa izatea ekarri du. Lurrean berotegi-efektuak eragindako tenperatura-igoera 35 C-koa da gutxi gorabehera eta horri esker garatu ahal izan da bizia gure planetan. Lurrean, lan hori karbono(IV) oxidoak eta ur-lurrinak egiten dute nagusiki, nahiz eta metanoak eta beste zenbait gasek ere zerikusia izan. Beraz, efektu hori betidanikoa eta mesedegarria da, hari esker behe-atmosfera ez baita izozten.
Gaur egun, industri iraultzarekin batera hasitako erregai fosilen kontsumoaren hazkunde etengabea eta deforestazioa direla medio, CO2 asko ari da atmosferara isurtzen, eta berotegi-efektua areagotzen ari dela dirudi. Ondorioa Lurreko atmosfera berotzea da. Hartaraz gero, horrek eragindako klima-aldaketak haize nagusien norabideak aldatuko lituzke, baita basamortu eta oihanen banaketa ere, eta poloetako izotzak urtu eta itsasoaren ur-maila igo egingo litzateke. Hala ere, berotegi-efektua areagotzeak biosferaren oreka kimiko eta biologikoan izango duen eraginari buruzko hipotesi fidagarriak egiten zail da, epe luzean izaki bizidunek ingurunearen aldaketaren aurrean nola erantzungo duten aurreikustea nekeza baita.




Atzera