atmosfera

iz. 1. Izar bat, planeta bat eta Lurra bereziki inguratzen duen gas-geruza. 2. Espazio jakin bateko ingurune gaseosoa. Erreakzio hori nitrogeno-atmosferan egin da. 3. Nonbait arnasten den airea, edo sumatzen den giroa. 4. FIS. Presio-unitatea, atmosfera osoaren altuerako aire-zutabe batek eragiten duena eta grabitatearen azelerazio normaleko egoeran, 76 cm-ko merkurio-zutabe batek eragiten duenaren balio berekoa. Industrian erabiltzen da. • atmosfera kontrolatu. Osagaiak kontzentrazio-, tenperatura-, eta presio-muga jakin batzuen barnean artifizialki kontrolatuak dituena. || atmosfera eredu edo estandar. Erreferentzi atmosfera konbentzionala, bertikalaren arabera aurkitzen den batez besteko egoera adierazten duena. || atmosfera geldo. Prozesu jakin batean parte hartzen duten substantziekin erreakzionatzen ez duen ingurune gaseosoa.
Grekoz atmosfera hitzak airezko esfera esan nahi du. Eguzki-sisteman badira atmosfera duten beste planetak ere, baina Lurreko atmosferaren konposizioa eta haren egitura bertikalak guztiz bereziak dira eta Lurreko bizia babestu eta laguntzen dute. Lurreko atmosfera airez osatuta dago. Airea gas-nahastea da, honela osatuta: % 78 nitrogenoa da eta gas hau atmosferako gainerako osagaien euskarria da. 200 km-ko altituderaino egitura atomiko homogenoa du; % 21 oxigenoa da, altitudearen arabera egitura atomiko desberdinez agertzen delarik. % 1 argona eta gas nobleak, karbono(IV) oxidoa eta hidrogenoa bereziki. Aireak bestalde, batez beste % 31 ur-lurrin dauka. Kontzentrazio hori asko aldatzen da leku batetik bestera klimaren arabera; hala ere, batetik lurrintzeak eta bestetik prezipitazioek batez besteko lurrin-kontzentrazioa konstante mantentzen dute. Ur-lurrina atmosferaren behe-geruzetan esekita dago (4 km-ko altitudetik behera dago atmosferako ur-lurrin osoaren % 75).
Atmosferak guztira 1.000 km inguruko lodiera du, baina beheko geruzan, 20 km-ko altituderaino, atmosfera-dentsitatearen % 99 kontzentratuta dago. Hortik gora airearen konposizioa ez da homogenoa. Atmosfera hainbat geruzatan banatuta dago. Barnekoenetik kanpokoenerako norantzan eta eboluzio termikoaren arabera sailkatuz gero, troposfera, estratosfera, mesosfera eta termosfera bereizten dira. Egitura kimikoaren arabera berriz, homosfera (80 km-ko altituderaino), heterosfera (80 km-tik 500 km-ra bitarteko altitudean) eta exosfera bereizten dira. Azkenik, egitura elektromagnetikoaren arabera ionosfera eta magnetosfera bereizi ohi dira.
Lehenik troposfera dago. Batez beste 12 km-ko lodiera du (16 km tropikoetan eta 7 poloetan) eta igo ahala airearen tenperatura 0,55 ºC jaisten da 100 m-ko, baina goiko mugan, tropopausan, tenperatura egonkortzen hasten da. Troposferan gertatzen dira fenomeno meteorologikoak. Troposferaren beheko zatiari, 3.000 m-ko altituderainokoari, biosfera deritzo. Hurrengo geruza estratosfera da. 12 eta 50 km-ko altitudearen artean dago; bertan ur-lurrinaren kontzentrazioa oso txikia da eta tenperatura konstantea da goiko mugaraino, estratopausaraino, hor tenperatura igotzen hasten delarik. Estratosfera barnean, 30 eta 50 km-ko altitudearen artean, ionosfera dago. Bertako ozono-molekulek Lurreko izaki bizidunentzat kaltegarriak diren Eguzkiaren izpi ultramoreak zurgatu egiten dituzte. Ozonoaren eta izpi ultramoreen arteko erreakzio fotokimikoen ondorioz airea berotu egiten da, 50 km-ko altitudean 10 ºC-ko tenperatura lortuz. Estratopausatik gora mesosfera dago; 50 km-ko lodiera du eta bertan tenperatura jaitsi egiten da, 80-90 km-ko altitudean -100 ºC-ko tenperatura dagoelarik. Hortik gora termosfera hasten da. Tenperatura igo egiten da, Eguzkiaren erradiazio ultramorea bertan zurgatzen delako. Termosferaren muga termopausa da. Berau eguzki-jardueraren arabera aldatzen da: 400 eta 800 km bitarteko altitudean dago eta bertan tenperatura 400dik 1800 ºC-ra aldatzen da, Eguzkiaren egoera zein den.
Mesosferatik gora, 100 km-tik 500 km-ra bitarteko altitudean ionosfera dago. Bertan oxigeno- eta nitrogeno-atomoek Eguzkitiko X eta gamma izpiak zurgatzen dituzte eta disoziatu egiten dira ioiak sortuz. 500 km-ko altitudetik gora exosfera dago. Bertan gertatzen dira aurora polarrak. Geruza honetan atmosferako gas-molekulak Lurreko grabitate-eremutik irten egiten dira, kanpo-espazioan murgilduz. 1.000 km-tik gora magnetosfera dago, baina hau ezin da atmosferako geruzatzat hartu.




Atzera