erregai

iz. Oxigenoarekin konbinatuta, beroa askatuz erretzen den substantzia. Hedaduraz, erreakzio kimiko batean (dela errekuntza, dela fisio edo fusio nuklearra) bero erabilgarria, energi iturri gisa erabil daitekeena alegia, askatzen duen substantzia. erregai fosil. Lurraren erdialdean pilatutako matera organikoak izan duen bilakaera geldotik lortutako substantzia karbonatu naturala.
Erregaien ezaugarri nagusia bero-balioa da, hau da, kilogramo bat erregai erabat erreta askatzen den beroa, kilokaloriatan adierazia. Hona hemen hainbat erregairen bero-balioa:

Azetilenoa 11.600 kcal
Antrazita 8.300 kcal
Butanoa 11.000 kcal
Egurra 2.400/3.600 kcal
Egur-ikatza 7.500 kcal
Gasolina 11.000 kcal
Gasolioa 10.250 kcal
Fuel-olioa 9.600 kcal
Propanoa 11.000 kcal
Zohikatza 4.700 kcal

Erregaiaren konposizioan dauden elementu termogeno nagusien (karbono eta hidrogenoaren) edukiaren araberakoa da erregaiaren bero-balioa. Bestalde, oxigenoak eta erregaiaren konposizioan dagoen nitrogenoak, fosforoak eta sufreak erabakitzen dituzte errekuntza-mota, sugarraren kolorea, sortuko den kea (adibidez, sufre(IV) oxidoa eta karbono monoxidoa gas arriskutsu eta kaltegarriak dira) eta errautsak nolakoak izango diren.
Egoera fisikoaren arabera, erregaiak solido, likido edo gaseosoak izan daitezke. Solidoak ikatza eta egurra dira, eta hauek izan ziren XIX. mendearen bigarren erdira arte erabilitako erregai bakarrak. Ondoren erregai likidoak erabiltzen hasi ziren eta gaur egun erabilienak dira. Garrantzitsuenak petroliotik eratorritakoak dira: nafta, keroseno, gasolina eta gasolioa. Errekuntzarik garbiena eta errendimendurik handienekoa erregai gaseosoak erabiliz lortzen da. Hauek erretzen direnean airearekin oso ongi nahasten dira eta ez dute errautsik, ez usainik sortarazten. Gehien erabiltzen direnak gas naturala (bakarrik nahiz petrolio-hobiekin batera dago lurpean), butanoa eta propanoa (petrolioaren errefinaketatik sortuak eskuarki, zenbaitetan petrolio-hobien ondoan ageri badira ere) dira.
Erregai nuklearra lortzeko, naturan dauden bi elementu erabiltzen dira: uranio naturala (% 99an uranio 238z osatua) eta torioa, azken hau askoz gutxiago erabiltzen bada ere. Naturan dagoen uranioa aberastu egin behar da, ordea, erabili ahal izateko; horretarako, fisiona daitezkeen uranio 235 edo plutonio 239 isotopoak eransten zaizkio.




Atzera