esku

iz. 1. ANAT. Besaurrearen ondoren kokatua dagoen goiko gorputz-adarraren bukaera, karpoak, metakarpoak eta hatzek osatua. Oratzearen eta ukimenaren organo nagusia da. 2. ZOOL. Narrasti eta ugaztunen aurreko gorputz-adarren kideko zatia. 3. ZOOL. Forman edo funtzioan eskuaren antzekoa den edozein organo. 4. Lan egiteko ahalmena edo trebetasuna. Asko dezake eskuak, baina gehiago buruak. 5. Boterea, aginpidea, ahalmena. Izaki ahaltsu eta esku handikoa. 6. Zenbait karta-jokotan, eta bereziki musean, lehen jokatzea egokitzen zaion laguna; lagun horri dagokion posizioa. Ni naiz esku. 7. Hitz-elkarte baten lehen osagai gisa, pertsona bakar batek erabili ahal izatearen, eramangarria izatearen adierazlea. esku-azpi, -zabal. Eskuaren barneko aldea, ahurra. || esku-zarta. Txaloa. ESKU ARTEAN (eta gainerako lekutasunezko kasu-atzizkiez ere bai). Haren liburua ez dut orain esku artean. Izkribu zaharra iritsi zitzaion esku artera. || ESKU BETE. Eskukada. || ESKU HARTU. 1. Parte hartu. 2. Esku sartu. Liberaren prezioari eusteko Frantziako Bankuak esku hartu behar izan du. || ESKU ONA IZAN. Trebea izan. || ESKU SARTU. Gai edo arazo batean, bereziki besterenetan, zerbait egin, eskuarki norberak nahi duen irtenbidea edo ondorioa lortzeko. EEBBek ez dute oraindik Balkanetako krisian esku sartu. || ESKU-BETEKA, -ZABALKA. Ugari. Esku-beteka zilarra botatzen. || ESKU-HUSKA. Pilotan, eskuz jokatuz. || ESKU-HUTSIK. Ezer gabe. Esku-hutsik itzuli ziren bileratik. || ESKUA ESTUTU, TINKATU. Adiskidetasun- edo adiskidetze-seinale gisa eskua eman. || ESKUA LUZATU. Lagundu. || ESKUETAN ERORI. Menpean erori. || ESKURA (egon, eduki, jarri, ekarri,...). Zerbaitetarako prest eta eskuragarri (egon, eduki, jarri, ekarri,...). || ESKUTIK IRABAZI. Musean, esku izateagatik edo eskutik hurbilen egoteagatik irabazi. || ESKUZ ESKU. Eskutik eskura. || -EN ESKU IZAN, HARTU, UTZI,... Bere ardurapean, berari dagokiola. Maisuaren esku gelditzen da auzia.
ANAT. Eskua oratzearen eta ukimenaren organo nagusia da. Haren eskeletoa bost hezur metakarpianok, falangeek (erpuruan bi eta gainerako hatzetan hiruna), zenbait hezur sesamoideok eta multzo osoaren giltzaduraz arduratzen diren hezur karpianoek osatzen dute. Baskularizazioa erradioko eta kubitoko arterien arteko anastomosiek ahurrean egiten dituzten bi arkuen adarrek eratzen dute; eta inerbazioa, berriz, nerbio medianoaren eta erradioko eta kubitoko nerbioen adarrek. Halaber, hatzen mugimendurik zehatz eta espezifikoenak ahalbidetzen dituzten giharreak daude eskuan.
Giza erpurua gainerako hatzei aurrez aurre jar dakieke eta hauekin konbinatuta objektu txikiak har daitezke; primate guztiek eskuetako hatz-muturretan dituzten azkazalak ere oratzeko funtzio horretarako elementu lagungarriak dira. Esku-ahurrean eta hatzen azpialdean ukimenari eta heltzeko ahalmenari laguntzeko marra edo zimurrak daude, espezie baten baitan ezaugarri komun askokoak eta antz handikoak; hala ere, marka berdineko bi esku ez dagoenez hatz-markak gizakiaren identifikaziorako erabiltzen dira.




Atzera