hidrogeno

iz. KIM. Zenbaki atomikoa 1 eta pisu atomikoa 1,0079 duen elementu kimikoa (H). Kolore eta usainik gabeko gasa da. hidrogeno-bonba. Bonba termonuklearra.
Hidrogenoa elementurik arinena eta sinpleena da. 0,089 g/cm3-ko dentsitatea du eta -259,2 C-tan urtzen da. Hidrogeno-atomoa protoi bat duen nukleoaz eta elektroi batez osatuta dago. Nahiz eta Lurreko elementurik ugarienetakoen artean bederatzigarren tokian egon, Lurraren masaren % 0,9 baino ez da. Alabaina, unibertsoko materiaren % 75 osatzen du. Hidrogeno askerik ez dago Lurrean ia; gure planetan konbinaturik egoten da, karbonoarekin landareen eta animalien ehunetan eta petrolioan, eta oxigenoarekin uretan.
Henry Cavendish-ek aurkitu zuen 1776an, metal bat azidotan disolbatzean sortzen zen gasaz ohartu zenean. Hidrogenoaren bi isotopo astunak, deuterioa eta tritioa, 1931 eta 1935ean hurrenez hurren aurkitu ziren.
Ikuspegi kimikotik hidrogenoak taula periodikoko I eta VII taldeko elementuen antza du. Erreakzio-baldintza egokiak izanik, elementu arin guztiekin eta elementu astun askorekin zuzenean konbinatzen da. Metalekin beste elektroi bat eskuratzen du eta hidruroak eratzen ditu. Ez-metalekin lotura kobalentez lotzen da. Konposatu horietako batzuek, hidrogeno kloruroak esaterako, uretan azido moduan jokatzen dute eta H+ ioia ematen dute.
Hidrogenoa uraren elektrolisiz edo hidrokarburoetatik abiatuz sintetizatzen da. Honelako prozesu batean hidrokarburoak 650-950 C bitartean ur-lurrinez tratatzen dira nikelezko katalizatzaile baten aurrean. Erreakzioko produktuak hidrogenoa eta karbono-oxidoak dira.
Industrian, hidrogenoa amoniakoa eta metanola sintetizatzeko eta petrolio-erregaiak desulfuratzeko erabiltzen da batez ere. Konposatu organikoak hidrogenatzeko ere baliatzen da, bentzenotik ziklohexanoa lortzeko esaterako.
Hidrogeno likidoak laboratorioan oso tenperatura baxuak lortzeko erabiltzen dira; baita espazio-koheteetan erregaitarako ere. Azkenik, bonba termonuklearraren osagai nagusia deuterio isotopoa da.
Bestetik, hidrogenoa erregai fosilen ordezko gisa proposatu izan da. Bi dira arrazoi nagusiak: hidrogenoaren errekuntzaren produktu bakarra ura da (beraz euri azido edo berotegi-efekturik ez) eta ur hori izan daiteke gainera hidrogenoa produzitzeko lehengaia. Alabaina bi desabantaila nagusi ditu: produzitzea garestia dela, uraren elektrolisiak energia asko behar duelako, eta, bestetik, hidrogenoa segurtasunez maneiatzeko teknologia ez dagoela behar bezain garatua.




Atzera