indukzio

iz. 1. FIS. Eremu elektriko edo magnetiko batek gorputz baten egoera elektriko edo magnetikoan aldaketa eragitea; eragindako aldaketa. 2. FIS. Eremu elektriko edo magnetikoen (edo bion) bidez, espazioko puntu batetik bestera energia garraiatzea. 3. BIOL. Enbrioi-ehun edo -egitura batek bere ingurukoen garapenean eragitean datzan fenomenoa. 4. LOG. Behaketa jakin batzuk abiapuntu, berauek biltzen dituen proposizio orokorrera igarotzean datzan arrazoiketa-prozedura. 5. MAT. Segida infinitu bateko adierazpen matematiko guztiak egiazkoak direla frogatzeko, honako bi baldintzotan oinarritzen den metodoa: a) lehen adierazpena (n = 1) egiazkoa izatea; b) n-i dagokion adierazpena egiazkoa bada, n + 1-i dagokiona ere hala izatea. 6. ZUZ. Delitu bat burutu dezan subjektu bat konbentzitzea edo bultzatzea (delituan parte hartzeko modu kriminala da). indukzio elektromagnetiko. FIS. Eroale elektriko batek eremu magnetiko bat zeharkatzen duenean, eremu magnetikoaren intentsitatea aldatzean eroalean indar elektroeragile bat sortzea. Transformadore elektrikoak, irrati-zirkuituak, sorgailuak eta motore elektrikoak indukzio-fenomenoetan oinarritzen dira. || indukzio elektrostatiko. ELEKTR. Elektrikoki kargatuta dagoen objektu baten ondoan jartzean, eroale elektriko bat elektrizatzean datzan fenomenoa. || indukzio magnetiko. FIS. 1. Eremu magnetiko baten eraginpean, gorputz bat magnetizatzean datzan fenomenoa. 2. Azalera-unitateko fluxu magnetikoa (B). Magnitude honi fluxu-dentsitate eta eremu magnetikoaren intentsitate ere esaten zaio. Teslatan neurtzen da. || indukzio-bobina. ELEKTR. Aparatu elektriko batean eremu magnetikoa sortzen duena. || indukzio-motore. ELEKTR. Korronte alternoko motore elektriko asinkronoa, errotoreko harilkatuari kanpotik korronterik sartzen ez zaiona.
Indukzio elektromagnetiko. FIS. Eremu magnetiko baten barnean kokatutako eroale elektriko batean, fluxu magnetikoaren eta eroalearen artean higidura erlatiboa gertatzen denean (eroalea edota eremu magnetikoa mugitu delako) edo fluxu magnetikoaren intentsitatea aldatzen denean, eroalean indar elektroeragile bat sortzen da. Induzitutako indar elektroeragilea eroalea zeharkatzen duen fluxuaren etete-abiadurarekiko proportzionala da, eta haren korronte induzituak indukzioa eragin duen kausa, fluxu-aldaketa alegia, oztopatuko duen norantzakoa da beti. Indukzio elektromagnetikoaren fenomenoa oso baliagarria da eta garrantzi itzela du: transformadore elektrikoak, irrati-zirkuituak, energia mekanikoa energia elektriko bihurtzen duten sorgailuak (dinamo eta alternadoreak) eta energia elektriko energia mekaniko bihurtzen duten motore elektrikoak indukzio-fenomenoetan oinarritzen dira.
Indukzio elektrostatiko. ELEKTR. Gorputz bat elektrikoki neutroa da, ez karga elektrikorik ez daukalako, karga positibo adina karga negatibo daukalako baizik. Gorputz neutro batera gorputz kargatu bat (eremu elektriko bat) hurbiltzen denean, haren baitan dauden zeinu berdineko kargak urrundu egiten dira; eta kontrakoak, berriz, hurbildu. Ondorioz, gorputz neutroaren karga-banaketa aldatu egiten da. Indukzio elektrostatikoa eremu elektrikoaren intentsitatearen eta gorputz induzitzailearen eta induzituaren artean dagoen ingurunearen konstante dielektrikoaren arteko biderkadura da.
Eroale batek eremu magnetiko baten eraginpean korronte elektrikoa eroaten badu indar bat jasaten du
Ondoko simulazioan egiazta dezakezu hori. Etengailua ixten duzunean eroalea mugitu egingo da indarraren eraginez. Eremu magnetikoaren edo korrontearen norantza aldatuz gero indarra ere aldatu egiten dela ikusiko duzu.


Eroale baten gainean ikusi dugun eragin horixe da motor elektriko baten printzipioa. Beheko irudian eroale zuzen baten ordez lauki formako begizta bat dugu. Laukiaren adar bertikalek ez dute indarrik jasaten, eremu magnetikoarekin lerrokatuak daudelako eta adar horizontalek, berriz, alde banatako indar berdinak jasaten dituzte. Bien artean biraketa-momentu bat eragiten dute. Biratu ahala, eroaleei eragiten dien indarra aldatu egiten da. Puntu batera iritsitakoan, indarrak alderantzikatzera jotzen dute, baina orduan, kolektoreari esker, korrontearen norantza aldatu egiten da eta indarrek berriro ere begizta birarazteko eran aritzen dira





Atzera