lapurtera

iz. Batez ere Lapurdiko mendebaldean mintzatzen den euskalkia. • lapurtera klasiko. XVII. m.aren inguruan Lapurdin, Sarako eskola aitzindari izanik, euskal literaturak izandako loraldian erabilitako lapurtera, gerora zenbaitek eredutzat hartua.
Lapurtera ez dago Lapurdi osoan zehar zabaldua. Ekialdeko zati handi batean behe-nafarrera mintzatzen da eta iparraldeko zenbait herri erdaldunduta agertzen dira. Beraz, Lapurdiko mendebaldean hitz egiten da lapurtera. Era berean, Nafarroa Garaiko Urdazubi eta Zugarramurdin ere euskalki hau erabiltzen dute.
L.L. Bonaparte printzearen laugarren eta azken sailkapenari jarraituz (1869), bi azpieuskalki bereiz daitezke: berezkoa, Donibane-Lohizuneko, Sarako (Nafarroa Garaiko zatia barne) eta Ainhoako hizkerek osatua; eta nahasia, Arrangoitzeko hizkerak eratzen duena. Zalantza handiak izan zituen Bonapartek Baztango euskara zela eta, sailkapenean lapurteratik kanpo jarri bazuen ere, bai lapurtera bai goi-nafarrera kontsidera daitekeela adierazi baitzuen. Gerora ere, asko izan dira eskualde honetako hizkerari buruz iritzi baten zein bestearen alde mintzatu direnak.
Literatur tradizio handiko euskalkia izan da lapurtera. Ezin da ahaztu askok eta askok ereduzko hizkuntzatzat hartu izan dutela XVII. m.ko lapurtera literarioa, lapurtera klasikoa deitu izan dena. Euskara batua finkatzerakoan ere lapurtera izan da oinarri gisa erabili den euskalkietako bat. Aukera honen arrazoia, aldameneko euskalkiekin duen lotura edo antzekotasunaz gainera, lehentxeago aipatu den tradizio-kutsu eta eredugarritasun horretan legoke.




Atzera