ornogabe

iz. eta izond. ZOOL. Bizkarrezurrik gabeko edozein animalia, hau da, Vertebrata subfilumekoa ez dena.
Ornogabe hitzak bere buruaren definizio argi eta tautologikoa darama aldean, ornorik eza adieraziz. Horrelako definizioa, ezaugarri espezifiko baten presentzian beharrean bere ausentzian oinarritu dena, ez da arrunta eta ezaugarri hori dueneko kanon edo eredu estandarrarekiko desbideraketa inplikatzen du. Kanonik edo eredurik ez balego, definizio horrek ez luke apenas zentzurik izango.
Horrela, Lamarck-ek lehendabizikoz "ornogabeak" "ornodunetatik" bereizi zituenean (Ornorik gabeko Animalien Sistema, 1801), ornoaren presentzia animalietarako araua zelakoan zetzan inplikazioa; eta hori Lamarck-en teoria ebolutiboaren ondorioa dateke, zeinean goi-mailetako formetaranzko progresioa onartu baitzuen, goi-forma horien ordezkari doituenak ornodunak eta gizakia izanik. Nolanahi ere, geroago norma bilakatu zen inplikazio hori.
Alabaina, bizkarrezurra duten animaliak, hau da, kanon modura hartu direnak, denetara 45.000 espezie dira: deskribaturiko (gutxi gorabehera milioi bat) animalia guztien % 3 baino gutxiago. Modu berean, filum kontzeptuak, duen esangura taxonomikoaz landa, isladatzen duen oinarrizko gorputz-diseinuaren ideiara joko bagenu, animalia ornodunak Chordata filumeko subfiluma direla ikusiko genuke, gainerako kordatuak ornogabe izanik eta hala ere elkarren arteko desberdintasun erabatekorik ez dagoelarik. Areago, deskribaturiko beste hogeita hamabi filumak ere ornogabeak dira. Hortaz, ezin da esan oinarrizko bereizketa biologikorik dagoenik ornodun eta ornogabeen artean.
Beraz, ornodun/ornogabe sailkapen dikotomikoa ezin da naturaltzat jo, ez du - eta inolako oinarririk naturaren baitan. Halaber, neurri batean tronpagarri gerta daiteke, benetan ez dagoen simetriaren edo antonimiaren iradokizun subliminala baitarama. Edozelan izanik ere, arrazoi nagusi birengatik segitzen du ornodun/ornogabe bereizketak zoologiaren arloan. Lehenik, Lamarck-ek eraturiko hurbilketa-metodoa behin ezarri eta gero gaitza da saihesteko. Bigarrena, eta eraginkorragoa seguruenik guk geuk bizkarrezurra edukitzeagatik, animalia ornodunek beraien maila taxonomikoari legokiokeena baino arreta handiagoa merezi dutela uste izatean datza.
Izatez, eraniztasuna da araua animalien artean. Berauen antolakuntza-ereduaren analisi konparatuak, gorago aipatu denez, hogeita hamarretik gora diseinu desberdin bereiztu ditu, oso konplexutasun-maila desberdinekoak eta kidetasun ebolutibo gehiago edo gutxiagokoak, baina bizkarrezurra salbuespen modura, soil-soilik, agertu da. Ondokoak dira normalean onarturiko diseinu desberdineko animaliak, zer esanik ez, orno gabekoak direnak: plakozooak, poriferoak (belakiak), knidarioak (marmokak eta polipoak), ktenoforoak, mesozooak, platihelminteak (zizare lauak), nemertinoak, gnatostomulidoak, gastrotrikoak, errotiferoak, kinorrinkoak, akantozefaloak, endoproktoak, nematodoak, nematomorfoak, ektoproktoak, foronidoak, brakiopodoak, moluskuak, priapulidoak, sipunkulidoak, ekiuridoak, anelidoak, tardigradoak, pentastomidoak, onikoforoak, artropodoak, pogonoforoak, ekinodermatuak (itsas triku eta izarrak), ketognatuak, hemikordatuak eta kordatuak (berauen artean normalean hiru subfilum kontsideratzen dira, tunikatuena, zefalokordatuena eta ornodunena; soilik azken honek dauka bizkarrezurra).




Atzera