paleta

iz. 1. ERAIK. Igeltseroen erreminta, altzairuzko xafla triangeluarraz eta goranzko giderraz osatua, eta mortairu-masa egiteko eta zabaltzeko erabiltzen dena. 2. HIST. Antzinako Egipton, erabilera arrunt edo errituala zuten hainbat objektu lauren izena, gehienetan baxuerliebez hornitutakoak; eskribek papiroan idazteko euskarri gisa erabiltzen zuten zur edo arbelezko xafla. 3. KIR. Pilotan aritzeko pala zabal eta arina. 4. PINT. Oholtxo karratu edo elipsoidala, ertz batean erpurua sartzeko zuloa duena eta pintoreek pinturak bertan jartzeko eta nahasteko erabiltzen dutena. 5. Ik. palet.
KIR. Jokatzen den pilota-modalitatearen arabera, bi paleta-mota bereiz daitezke: larruzko pilotaz aritzeko paleta eta gomazko pilotaz aritzekoa. Lehenengoa pago-egurrezko pala luze eta mazizoa da. Oro har, pala motzaren antzekoa da, baina hura baino zabalagoa eta meheagoa izanik (2 cm lodi), zertxobait arinagoa da (580 g ingurukoa). Gomazko pilotaz aritzekoa edo pala zabala, jatorriz Argentinakoa da eta askoz ere zabalagoa eta arinagoa da (zabalera 17,8 cm, lodiera 1,2 cm, pisua 400 g). Normalean pieza bat baino gehiagoz egindako paletak dira, mazizoak ez beraz, eta sendotasuna emateko barruan zeharka hagatxo batzuk jarri ohi zaizkie.




Atzera