presio

iz. 1. Zerbait zapaldu edo estutzeko ekintza eta horren ondorioa. 2. FIS. Gainazal baten gainean egiten den indarraren eta gainazal horren azaleraren arteko zatidura. 3. (hed.) Zerbait egitera behartzeko pertsona, talde, erakunde, etab.engan egiten den indarra; zerbaiten aurka indarka eta etsi gabe jardutea. Erabakia hartzeko ez dute inolako presiorik izan. behe-presio. METEOROL. Depresioa. || goi-presio. METEOROL. Antizikloia. || lurrin-presio. Ik. lurrin. || presio abdominal. MED. Erditzean abdomenaren paretek fetua bultzatzeko egiten duten presioa. || presio arterial. MED. Bihotzak bultzatutako odolak organismoaren arterien paretetan egiten duen presioa. || presio atmosferiko. Atmosferako puntu batean, puntutik gorantz atmosferaren mugaraino hedatzen den aire-zutabeak eragindako presioa. Altitudea handituz doala, presioa txikiagotu egiten da. Itsasoaren mailan, 1 kg/cm2 (1.013,25 milibar) balio du batez beste. || presio fiskal. Herrialde batek zerga bidez lortzen duen diruaren eta herrialde horren nazio-errentaren arteko zatidura. || presio hidrostatiko. Ik. hidrostatiko. || presio osmotiko. Ik. osmotiko. || presio partzial. FIS. Gas-nahaste bateko gas bati buruz, delako gasak nahaste osoaren bolumena beteko balu eragingo lukeen presioa. || presio-talde. Erabaki politiko, sozial, ekonomiko, etab.etan eskura dituen baliabideen eta boterearen bidez eragina izatea helburu duen pertsona-multzoa.
FIS. Presioaren unitatea SI sisteman newton metro karratukoa da (N/m2), pascal (Pa) izena eman zaiona (1 N/m2=1 Pa); barra eta milibarra ere oso erabiliak dira (1 bar= 105N/m2). Azkenik, baldintza normaletan eta itsas mailan atmosferako airearen presioaren balioa ere unitatetzat erabiltzen da: atmosfera (atm); 1 atm = 1,01325x105N/m2.
Orekan dagoen fluido baten barnean, bi edozein punturen arteko presio-diferentzia bi puntuon arteko altuera-diferentzia bider fluido horrek bolumen-unitateko duen pisua eginez lortzen da. Merkurio-masa bateko bi punturen artean 76 cm-ko altuera-diferentzia dagoenean, bi puntu horien arteko presio-diferentzia atmosfera batekoa da. Hori dela eta, zenbaitetan "merkurio-zentimetroa" presio-unitate gisa erabiltzen da.
Presio atmosferikoa altitudearen arabera aldatzen da, aire-zutabearen altuera gutxituz baitoa atmosferan gora egin ahala. Adibidez, 5.000 m-ko altitudetik gora presio atmosferikoa itsasoaren mailan dagoenaren erdia da, txikiegia aireko oxigenoak gizakiaren biriketako albeoloetako ehunak behar bezala zeharka ditzan.




Atzera