aristotelismo

iz. FIL. 1. Aristoteleren filosofia edo doktrina. 2. Erdi Aroko korronte filosofikoa, Aristoteleren lana teologia kristau eta musulmanaren bidez interpretatzean oinarritua.
Aristoteleren filosofiaren eragina logika eta metafisikan nabarmendu baldin bada ere bereziki, haren obra filosofikoa askoz zabalagoa da eta jakintzen eta arteen alor gehienak hartzen ditu: fisika, kimika, biologia, zoologia, botanika, psikologia, etika, politika, historia, erretorika eta literatur teoria. Logika formala asmatu zuen, gerora hain zabal iraun duen "silogismo aristotelikoan" oinarritua zena. Aristotelismoaren eragina guztiz funtsezkoa eta zabala izan da Mendebaldeko pentsaera eta zientziak taxutzean.
Aristoteleren filosofiak bere jarraipena eduki zuen haren ikasleengan; Teofrasto izan zen Aristoteleren Lizeoko lehen jarraitzailea. Estoikoak, eszeptikoak eta epikurearrak ere zordun zaizkio partez aristotelismoari. K.a. lehen mendean Androniko Rodaskoak haren obra antolatu eta argitaratu zuenean, indar berria hartu zuten mundu greko-erromatarrean Aristoteleren filosofiaren azalpenek eta iruzkinek. K.o. III. mendean Plotino eta Porfirio platonismoa eta aristotelismoa bateratzen saiatu ziren bereziki logikaren alorrean, neoplatonismoa eraikiz. Erromatar inperioa suntsitzean, parentesi historikoaren antzekoa gertatzen da aristotelismoarentzat Mendebaldean; eta beste bide batetik iritsiko da Europara haren tradizio filosofikoa; filosofo eta teologo siriarrek, arabiarrek eta juduek bereganatu eta integratu zuten aristotelismoa Erdi Aroan, eta ondorengo teologia latindarrerako zubia egin zioten. Avizena (980-1037) eta Averroes (1126-1198) filosofo arabiarrak izan ziren tradizio aristotelikoaren orduko lekuko eta interprete nagusiak.
Filosofo arabiarren bidez Europaratu ziren Aristoteleren fisika eta metafisikari buruzko lanak XII. mendean; horiek sortu zuten interesarekin batera, Aristoteleren obren latinezko itzulpenak zabaldu ziren Europara XII. eta XIII. mendeetan; eta platonismoa nagusi zen kristau-teologian, aristotelismoa bere lekua egiten hasi zen. Abelardo izan zen Erdi Aroko kristau-teologoen artean lehen aristoteliko handia. Hasieran kontrako jarrera biziak sortu ziren batez ere Parisko Unibertsitatean, Eliz hierarkiaren aldetik; baina bidea irekiz joan zen. San Tomas Aquinokoari zor zaio bereziki kristau-teologiaren sistema osoa aristotelismoarekin gorpuztu izana; eta bere sistema teologikoa, lehen garaiko erresistentziak gainditu ondoren, mende luzetan Eliza katolikoaren gorputz teologiko nagusi bihurtu izana.
Zientzia eta pentsamendu modernoek txikiagotu egin zuten aristotelismoaren itzala eta haren hainbat ikuspegi bazterturik geratu zen; baina betiere Mendebaldeko pentsamenduaren eta tradizio filosofikoaren ildo orokorra gaur arte berak markatu duela esan daiteke. Aristoteleren filosofiaren azterketak gaur egun ere erakarmen apartekoa du.




Atzera