teologia
iz. ERL. 1. Jainkoari buruzko jakintza, bereziki erlijio bakoitzeko errebelaziozko edukien edo erlijiozko sineste-jardueren gogoeta eta azalpen metodikoa, fedearen argitan egina. 2. Teologi eskola edo teologo jakin baten irakaspen-gorputza edo sistema. • askapen-teologia. Kristau-teologiaren korrontea, herri eta sektore sozial pobre, menperatu eta baztertuen zapalkuntza-esperientziatik abiatu eta horien askapen-ahaleginaren barrutik Biblia intepretatu eta fedearen gogoeta metodikoa egiten duena. || teologia natural. Arrazoimen soilaren bidez Jainkoaren izateaz, atributuez eta munduarekiko harremanaz diharduen filosofiaren atala.
Aristoteleren aurreko filosofo grekoentzat munduaren ikuskera eta azalpen mitologikoa zen teologia. Aristotelerentzat, berriz, jainkozkoari buruzko metafisika edo jakintza filosofikoa da: gerora "teologia naturala" edo "filosofia teologikoa" deitu izan dena, gutxi gorabehera. Filosofia behinentzat eta jainkozko jakintzatzat dauka berak teologia, jainkozko izakia duelako gaitzat. Horrela mito "irrazionalaren" aurrez aurre gogoeta eta solas arrazional (logos edo sermo) bihurtu zen teologia.
Judaismoak eta kristautasunak bestelako elementu bat ekarri zuten: Jainkoaren errebelazio historikoarena. Eta antzinako kristau-literaturan egiazko Jainko bakarraren eta Liburu Santuetan (Biblian) jasotako jainkozko errebelazioaren eta salbamen-ekintzaren jakintza bihurtu zen teologia. II eta III. m.etako Alexandriako katekesi-eskolan (Klemente eta Origenesekin) zientzia metodikoaren eta espekulazio sistematikoaren izaera hartu zuen jakintza horrek. Kristau-teologia eta filosofia paganoaren arteko elkarrizketa emankorra bultzatu zuen eskolak, grekoen jakinduria kristau-jakinduriaren bide-prestatzailetzat hartuz. Aldi berean, jainkozkoa ezagutzeko fedearen eta arrazoimenaren arteko konfiantza sendotu zuten.
Bi mende geroagoko kristautasuneko filosofo eta teologo handiena izan zen San Agustinek fides quaerens intellectum ("adimenezko azalpena bilatzen duen fedea") definitu zuen teologia. Formula horren arabera, fedezko atxikimendu absolutuak ez du eragozten teologiaren gogoeta arrazional kritikoa. Ordutik hona bi jakintzen arteko harremanak era ezberdinez ulertu izan dituzte mendebaldar pentsamenduaren historian. Teologia katolikoaren korronte nagusiak integratu egin du teologia naturala kristau-teologia errebelatuaren oinarri arrazionalak finkatzeko.
XII-XIII. m.etan iritsi ziren Europako unibertsitateetako Teologi eskoletan filosofia eta teologiaren arteko sintesiaren gailurrera, bereziki San Tomas Aquinokoa. Kristau-fedeko elementu guztiak era sintetikoz eta organikoz bateratzen eta azaltzen dituen zientziatzat hartzen dute teologia. Zientzia da teologia, printzipio edo oinarri sendo batzuk finkotzat hartuz, eta horietatik metodo logikoz ondorioak aterata lorturiko ezagutza sistematikoa delako. Areago, zientzien gailurra da, egia errebelatu eta absolutuaren argitan integratzen dituelako arrazoimenaren bidezko bestelako giza ezagutzak. Teologiaren zerbitzuan dago, beraz, filosofia; baina bi ezagutza-moduak elkarren osagarriak dira: teologia naturalak munduaren analisi arrazionalaren eta arrazoimenaren argitan ezagutzen du Jainkoa, eta teologia errebelatuak jainkozko errebelazioaren bidez eta fedearen argitan. Ezagutza filosofiko-arrazionala teologian burutzen delarik, horren egiaren irizpide erabakigarria fedezko ezagutza da.
Filosofia-teologien arteko lotura hori zalantzan ipini edota hautsi egin da sarritan garai modernoan eta teologiaren estatus zientifikoa bera ukatu egin dute zenbait korronte filosofiko-zientifikok, arrazionaltasunaren izenean, ukatu ere. Alde batetik, teologiaren gaia bera -Jainkoa eta horren errebelazioa- edonolako zientziatik kanpoko alortzat jotzen dute, errealitate transzendentala ezagutzeko gizakiaren gaitasuna ukatuz. Bestalde, enpirismo modernoak teologiaren zientziazkotasuna ukatzen du, zientzia esperimentalek bakarrik merezi omen dutelako zientzia izena.
Zientziaren kontzeptu murriztu horren barruan ez da teologia sartzen. Esperimentuzkoa ez, baina esperientziazkoa da teologia: fedezko esperientzia pertsonal eta komunitarioan oinarritua. Zientzia esperimentalek duten egiaren ezagutzaren garapena eta aurrerapenaren irizpideak ez du balio teologiarentzat. Dokumentu idatzia (Biblia) da kristau-teologiaren funtsezko iturria, eta horren irakurketan eta interpretazioan oinarritzen da azken batez. Hermeneutika eta itzulpenezko jakintza da teologia: hizkuntza eta kultura bakoitzak, espazioan eta historian barna, bere barnetik egiten du errebelazioaren irakurketa, eta horrela doa handituz eta zabalduz fede beraren interpretazio izan nahi duen teologiaren tradizioa. Errebelazioa irakurri eta interpretatzeko kultura bakoitzak bere kategoriak erabiltzen ditu; baina errebelazioak horiek gainditzen dituelarik, irekia geratzen da bestelako kulturen barrutik eta fedezko esperientzia historikoetatik egindako irakurketa eta azalpenetarako.
Jainkoa izan du teologiak bere funtsezko gaia bere historian. Jainkozko errebelazioaren ikuspegitik, gizakia eta munduko eta historiako errealitate guztiak ditu bere gaia kristau-teologiak. Oro har, hiru adar nagusitan banatu ohi da hori: historikoa edo positiboa, dogmatikoa edo espekulatiboa, eta praktikoa. Horien barruan hainbat dira teologiaren atalak, Jainkoaren misterioa aztertzen duenaz gain: exegesi biblikoa, Elizaren eta dogmen historia, antropologia, kristologia, eklesiologia, sakramentologia, eskatologia, teologia morala, teologia pastorala, etab. Bestalde, teologia korronte teologikoen arabera kalifikazioren bat eman ohi zaio sarritan: Teologia eskolastikoa, ezeztapenezkoa, kerigmatikoa, dialektikoa, politikoa, liberala, kultur teologia, askapen-teologia, etab.
Kristau-teologiaren leku akademikoa, bestelako jakintzen artekoa, ezberdina izan da historian barna. Lehen mendeetako Eliza barruko katekesiari oso lotuta egotetik, monasterioetako eskola teologikoetara pasa zen. Erdi Aroko unibertsitateetan leku nagusia hartu zuen teologiak, zuzenbide kanonikoa eta filosofia bere baitan hartuz nolabait. Aro modernoan filosofia eta zientziak autonomo -batzuetan kontrako- bihurtu dira teologiarekiko. Horien unibertsitateetatik kanpo geratu da sarritan teologia eta apaizgaitegietan eta Elizako fakultateetan babestu da, gehienbat Eliza barruko diziplina eta sarritan klerikal bihurtuz. Tradizio anglosaxoian, ordea, unibertsitateko bestelako karrera zibilen parekoa da teologia. Zientzia modernoaren eta teologiaren arteko konfiantza eta harreman emankor berria gertatu ahal izango da, zientziaren beraren kontzeptu zabala eta zientzien metodo ezberdinak onartzean. Gaurko zientzien artean teologiak bere lekua eta itzal berezia izango badu, beharrezkoa du horiekiko elkarrizketa irekia eta sistematikoa lantzea, zientzien ekarpenak bere metodologian integratuz, errebelazioaren interpretazioa gaurko kulturari egokitzeko.
Atzera