psikologia

iz. Subjektuaren jarduera psikiko, intelektual eta afektiboa eta haren portaera ezagutzeaz arduratzen den diziplina.
Psikologia zientzia gisa XIX. m.aren bigarren erdian sortu zela esan daiteke, ikerketa psikologikoak zientzia naturalen metodologia hartu zuenean. Hala ere, diziplina gisa oso zaharra da; historialari batzuek -ez-positibistek bereziki- aurkitu dute antzinateko psikologia filosofikoak (Aristotele edo tomisten teoriak) eta egungo psikologia zientifikoaren korronteak lotzen dituen lerroak, aztergai eta metodoei dagokienean batik bat.
Alemania, Leipzig hain zuzen, izan zen psikologia zientifikoaren lehen gunea. Garai hartan psikologia kezka utilitaristetatik urrun zebilen, eta adimenaren fenomenoa oro har aztertzen zuen, gizabanakoen alderdi komunei gehiago erreparatuz desberdintasunei baino.
XX. m.aren hasieran ikerketa psikologikoen gunea EEBBetara aldatu zen, eta eragin eboluzionista eta pragmatistak kontrako joera ekarri zuen, hots, gizabanakoen arteko desberdintasunei erreparatzea; geroztik gizarte, hezkuntza eta industriaren eremuan aplikatzen hasi zen. Hala ere, ikerketa hutsa ez zen alde batera utzi, eta konduktismoaren aldetik bereziki laboratorioetako esperimentazio-baldintzak eta koantifikazioen zehaztasuna hobetzea izan zuten helburu. Kritikak ere izan zituzten, korronte fenomenologikoen partetik bereziki, hauen iritziz gehiegizko koantifikatzeak datu psikikoaren koalitatea eta berarizkotasuna hiltzen baitzuen. 1930.eko hamarkadan EEBBetako psikologiak, garai hartan aurreratuena, hainbat korronte antagoniko zituen: funtzionalismoa, konduktismoa eta gestaltismoa batik bat. Urteen joanarekin aurkakotasun hau apalduz joan zen. Izan ere, esperimenturik sinpleenetako aldagaien konplexutasuna ikusirik, metodo esperimentalarekiko konfiantza gutxituz joan zen batetik; bestetik, psikoanalisiak ordura arte psikologiak landutako zenbait gai bere esparrura eraman zituen; eta azkenik, indarrean zetozen soziologia, zibernetika, neurofisiologia eta kultur antropologia bezalako diziplina berriei aurre egin behar izan zien. Honela bada, azken urteotan espezializazioaren bidetik jo da: ikerketa esperimentalaren zenbait eremutako arazo zehatzak aztertzen dira; eta bestetik, onartu egiten dira psikologiatik kanpoko kontzeptualizazioak eta teknikak (etologia, informazio-teoria edo garuna aztertzeko teknika mikroelektronikoak kasu).




Atzera