zibernetika

iz. Komunikazio- eta kontrol-metodoak giza gorputzean oinarrituz aztertzen dituen zientzia, makina, ordenadore eta oro har automatismoetan aplikatzeko.
Grekoek gobernatzeko artea adierazteko baliatu ohi zuten zibernetika hitza. Platonek gobernatu aditzaren esanahia zehaztea lortu zuen eta oso adibide desberdinak erabili zituen horretarako: ontzia pilotatzea, orga gidatzea edo gizakiak gobernatzea, adibidez. Platon helburu bat lortzeko prozesuen funtsezko egituraz jabetu zen, sistema baten benetako bilakaera eta lortu nahi zena alderatzean oinarritzen dena. Objektu bat hartu nahi duen subjektuak bere posizioaren eta objektuaren arteko distantzia neurtzen du eta nerbio-sistema zentralak distantzia hori murrizteko aginduak bidaltzen ditu muskuluetara. Errobotek ere horrela funtzionatzen dute. Torres Quevedo-k XX. m.aren hasieran makina automatikoei automata deitu zien eta aparatu sentikorrez (termometro, iparrorratz, dinamometro, etab.ez) hornitutako "sentimenak" eduki behar zituztela zioen. Eragiketak burutzeko makinak eta aparatuak edukitzeaz gain, energia ere behar zuten.
Bigarren Mundu-Gerran zerbitzu mekanizatuen teoria bateratua garatu zen Massachusetts-eko Teknologi Institutuan. Gerra ondoren fisikari, elektroteknikari eta mekanikarien arteko harremanek aurrera segitu zuten, batez ere New Jerseyko Princenton-en N. Wiener matematikariak antolatutako mintegietan. Taldera biologo, fisiologo, psikologo, neurofisiologo, soziologo eta ekonomialariak ere bildu ziren. Mugimendu intelektual haren ildotik Wienerrek Zibernetika liburua argitaratu zuen 1948an. Wienerrek ekintza-prozesu guztietan dagoen egitura-batasuna frogatu zuen eta itxuraz oso desberdinak diren prozesuen (esate baterako, misila gidatzea eta odoleko karbono-tasa erregulatzea) arteko analogiak azaldu zituen.
Mugimendu zibernetikoak zientzia modernoan eragindako eragin bateratzailea arlo desberdinetan automatikan (Ik. automatika) eta informatikan (Ik. informatika) oinarritutako eskemak azaldu direnean ikusi da. Zibernetikaren ekarpena, beraz, batez ere metodologiaren aldetikoa da eta ez diziplina batetik bestera ezagutzak zuzenean aldatzeko.




Atzera