Aro Garaikidea
Historia zatitzen deneko azken aroa, Iraultza Frantsesetik (1789) gaur egunera arte hedatzen dena.
Europan Aro Garaikidea Iraultza Frantsesak abiarazi zuen, baina egia esan, Errenazimentuaz geroztik nagusitzeko bidean zeuden gizarte-egitura eta pentsamoldeen garapena eta finkapena dela esan daiteke (kapitalismoa, estatu-boterearen indartzea, parlamentarismoaren hedapena, europarren mundu-mailako botere ekonomiko eta politikoa areagotzea, arrazoian eta aurrerapen zientifikoan gero eta uste handiagoa izatea, etab.). Bestalde, XIX. mendeko iraultza industrialak -XVIII.ean abiatuak- izugarri markatu du Aro Garaikide osoa, batzuek horretantxe jarri dutelarik Aroaren abiapuntua. Energia berrien baliabideak (petrolioa, elektrizitatea, energia nuklearra) eta aurkikuntza zientifiko eta tekniko handiek mugagabeko aurrerapenaren optimismoa zabaldu zuen mundu industrializatuan. Testuinguru horretan eratzen dira liberalismoaren eta sozialismoaren ideologia nagusiak. Horren atzean daude XIX. eta XX. mendeko gertakari historiko erabakigarriak.
XIX. mendean Iraultza Frantsesa, Amerikako kolonien independentzia, Britainiar inperioaren loraldia eta Alemania eta Italiako estatuen sorrera gertatu dira. Ipar Euskal Herrian, Iraultza Frantsesaren ondorengo estatu-eredu berriak euskal erakunde politikoen desagerpena ekarri zuen, eta Hegoaldean, Karlistadak, Foruen galera eta euskal nazionalismoaren sorrera dira mendearen bigarren erdialdeko gertaera esanguratsuenak. Afrikaren kolonizazioak eta Asiaren Europari buruzko menpekotasunak markatu zuten, bestalde, XIX. mendea.
XX. mendearen lehen zatian, Errusiako iraultzak eta SESBren sorrera, eta Lehen Mundu-Gerra eta ondorengo ordena politiko berria nabarmendu behar dira: Otomandar inperio eta Austrohungariar inperioaren suntsidura, Inperio britainiarraren eraldaketa, Ekialde Hurbileko estatu arabiarren sorrera eta Txinako iraultza. Bigarren Mundu-Gerrak, Alemania, Italia eta Japoniako sistema totalitaristen porrota ekarri zuen, eta EEBB eta SESBren mundu-mailako potentzien nagusigoa eta beraien arteko "gerra hotza" delakoa. Gerraosteko hamarkadetan, Afrikako eta Asiako deskolonizazio-prozesuak azkartu ziren estatu berriak sortuz, eta Hirugarren Munduko zenbait herri-iraultza ere gertatu zen. Mende-bukaerako gertaera historiko nagusia, SESBko eta bere inguruko estatuen sistema politiko-ekonomikoaren desagerpena da, Europan estatu berriak sortuz eta zenbait kasutan gatazka armatuak piztuz. Orain bertan eduki daitekeen perspektiba historikoaren muga eta guzti, badirudi aro historikoaren aldaketa gertatzen ari dela gaurko munduan, Aro Garaikidearen hainbat ezaugarri nagusi desagertu eta berriak nabarmentzean. Industrializazioaren aroa informazioaren aroari ari zaio lekua ematen, elektronikaren eta informatikaren aurrerapen zientifikoen eta teknikoen ildotik; Aro Garaikideko kolonizazio-deskolonizazioen prozesuak bukatzean eta Mendebalde-Ekialdeak banatzen zituzten bloke ideologiko-politiko-militarrak gainditzean, Iparralde garatuaren eta Hegoalde garatugabearen arteko menpekotasun-eskema nagusitu da eta areagotu egingo da, harreman politiko eta ekonomikoetan; Aro Garaikidean nagusi izan diren bi ideologia kontrajarri handien (liberalismoaren eta sozialismoaren) arteko borroka bestelako formak hartzen ari da, askapen-mugimendu nazional eta sozial ezberdinen (feminista, ekologista, pazifista, etab.en) eraginez; 1994an sinaturiko hitzarmenak, mundu zabaleko merkatua ireki eta liberalizatzen zuenak, beste alde askotako arazoak eta harremanak mundu osora zabaltzeko joera berresten eta areagotzen du, herrien arteko dependentzia handituz eta Aro Moderno eta Garaikidean eraikitako estatu-nazioen izaera eta zentzua kolokan ipiniz.
Atzera