erromantze
iz. 1. Hizkuntza erromanikoetako bakoitza. Iberiar penintsulako erromantzeak. 2. LIT. Erdi Aroaz gero asko erabili den gaztelaniazko poesi mota, zortzi silabako lerrotan moldatua eta gertaeraren bat azaltzen duena; horren kide den XV. m.tik XVIII. m.ra bitarteko euskarazko herri-poesi mota. Bata zein bestea kantuz eman ohi ziren. 3. MUS. Era horretako herri-kantua edo estilo hori imitatzen duen konposizio instrumentala.
LIT. Erromantzea kontakizunez eta elkarrizketez osatutako narrazio-poesia da, gaiaren arabera epikatik edo lirikatik hurbilago dagoena. Ahozko euskal literaturaren espresatzeko era izanik, herria bera da erromantzea sortu, gorde, kantatu eta transmititzen dituena. Katea horretan zehar, herriaren sentipen eta irudimenaren arabera etengabe moldatu eta berregiten da. Herriarekiko lotura horren beste alderdietako bat erromantzearen funtzio soziala da: lanorduetan entretenigarri, festetan ospakizun, eta, azkenik, etxean pedagogia edo moralezko irakasgai.
Bizitasun eta trinkotasun handiko poemak dira, behar-beharrezkoak diren elementuak bakarrik erabiliz iradokitze-indar handia lortzen dutenak. Maiz kopla zaharraren teknika erabiltzen da, sinbologia handiko lehen zati bat eta mezua daraman beste bat bereiziz. Bertsolaritzan gertatzen den bezala, poemaren amaiera edo azkenak indar handia du eta batasuna ematen dio poema osoari. Kantuz emana izateko sortzen da erromantzea, eta doinuarekin duen lotura estu honekin erlazionatuta legoke silaba-kopuruaren gainetik erritmo eta oinek duten garrantzia.
Muga zehatzik ezarri ezin den arren eta garai guztietan estilo guztiak landu badira ere, historian zehar erromantzeak epikatik lirikaranzko bilakaera bizi izan duela esan daiteke. XV eta XVI. mendeetan, eredu epikoak gailendu ziren, eta Ahaide Nagusien arteko gerra-gertakariak eta eresiak ziren gai nagusiak: Beotibarko Gudua, Bereterretxeren Kantoria, Arrasateko Erreketaren Kantak, Milia Lasturkoren Kantak, etab. XVII. mendean, eredu epiko-lirikoak erabili ziren; kontakizuna zen oinarri, baina ez zegoen loturarik garai historikoarekin, eta elementu liriko eta dramatikoak erabili ziren: Arrosa Xuriaren azpian, Ura Ixuririk, Goizian Goizik, Brodatzen Ari Nintzen, etab. XVIII. mendean, batez ere eredu lirikoari jarraitu zitzaion; sinbologiari kontakizunari baino garrantzi handiagoa ematen zitzaion; elkarrizketa sarri erabiltzen zen eta amodioa zen ia gai bakarra: Intxauspeko Alaba Dendaria; Eijerra Zira, Maitia; Txori Erresi-ula; Maitia, Nun Zira? etab.
Atzera