olinpiko

izond. 1. Olinpori dagokiona. 2. Joko Olinpikoei dagokiena. Txapeldun olinpikoa. • joko olinpiko. (maiusk. eta pl.) KIR. Antzinako Grezian Zeusen omenez Olinpian lau urtez behin egiten zen kirol-lehiaketa, bereziki atletismo probez osatua; 1896az geroztik aldiro hiri desberdin batean egiten dira eta mundu osoko kirolariek hartzen dute parte.
Joko Olinpikoak antzinako Grezian sortu ziren K.a. VIII. m.aren inguruan eta Teodosio I.a enperadore erromatarrak K.o. 393 urtean debekatu zituen arte iraun zuten. Joko panhelenikoak ziren eta Olinpian ospatzen ziren lau urtez behin eta irauten zuten bitartean (hilabete inguru) gerra eta borroka oro bazter uzten zen. Hasiera batean froga bat besterik ez zen -dromos estadio barruko lasterketa-, baina denborarekin programa osatuz joan zen eta jokoek arrakasta handia lortu zuten. Hiritar greko libreek soilik har zezaketen parte; garailea bere jaioterriko heroi bilakatzen zen eta haren omenez odak eta estatuak egiten ziren.
Aro Modernoko Joko Olinpikoak 1896an sortu ziren Atenasen Pierre de Coubertin baroiaren lanari esker. Hasiera batean hamabost kideko Batzorde Olinpikoa sortu zuen eta nazioak kirolaren bidez anaitasun-bidean jartzea zen helburua. Harrezkero lau urtez behin ospatzen dira hiri desberdinean, bi Mundu-Gerren bitarteetan izan ezik (1916, 1940 eta 1944).
Neguko lehen Joko Olinpikoak Chamonix-en egin ziren 1924an, nahiz eta aurretik 1908an eta 1920an neguko kirol batzuk jokatu ziren. Hasieran udako Joko Olinpikoak egiten ziren urte berean ospatzen baziren ere, 1994az geroztik lau urtez behin baina olinpiadaren erdian (udakoak baino bi urte beranduago) egitea erabaki zen. 1896az geroztik kirol eta frogen kopurua zabalduz joan da; hauek izan ziren 1992an onartu ziren kirolak: arraunketa, atletismoa, badmintona, beisbola, bela, belar- eta izotz-jockeya, biatloia, bobsleigha, boleibola, borroka, boxeoa, esgrima, eskia, eskubaloia, futbola, gimnasia, halterofilia, hipika, igeriketa, jauziak, judoa, mahai-tenisa, patinajea, pentlatoi modernoa, piraguismoa, saskibaloia, tenisa, tiroa arkuarekin, tiro olinpikoa, txirrindularitza, water-poloa eta windsurfa.




Atzera