sistematika
iz. 1. Sistema bat eratzen duten edo sistemaren ondorio diren gertaera, datu edo metodoen multzoa. 2. BIOL. Bizidunen aniztasunaz, sailkapenaz eta filogeniaz arduratzen den biologiaren alorra.
Gaur egun gutxienez hiru milioi bizidun-espezie daude Lurrean, eta kopuru hori baino handiagoa da suntsitu direnena. Eraniztasun ulergaitz hori taxutu eta ordenatzeko ahaleginak sortarazi du sistematika, alegia, bizidunen arteko harreman inherenteak argitzeko nahiak, eta hortaz bere helbururik agerikoena mundu biziaren sailkapena lortzea da.
Sailkapen baten eraiketak ezaugarrien banaketaren patroiak bizidunen artean analizatzea eta konparatzea dakar; horixe da taxonomiaren egitekoa (berori sistematikaren diziplina osagarria izanik). Modu horretara, aleak espezieka taldeka daitezke; espeziea baldintza naturaletan ugaldu egin daitezkeen bizidun-populazioen multzoa da, ugalketari dagokionez gainerakoengandik isolatuta dagoena, eta normalean itxura antzemangarria duena. Espezie bakoitzak izen taxonomiko bakarra du, eitez latinetikoa eta osagai bi dituena: lehenengoa berdina da genero bereko espezie guztientzat; bigarrena da bereizgarria. Adibidez, Quercus ilex, Quercus coccifera, Quercus suber, Quercus robur, Quercus faginea eta Quercus pyrenaica dira, hurrenez hurren, arte, abaritz, artelatz, haritz, erkametz eta ametzaren taxonei dagozkien izen zientifikoak. Nomenklatura izeneko diziplina osagarria arduratzen da taxon desberdinen izendapen egokiaz.
Bistakoa denez, espezie-kategoriako erlazionaturiko taxon guztiak genero-kategoriako taxonetan bil daitezke; modu berean, genero-kategoriako erlazionaturiko taxonak familia-kategoriako taxonetan batu ohi dira. Esaterako, Fagus eta Quercus genero-kategoriako taxonak Fagaceae familia-kategoriako taxonean sailkatuta daude. Taldekaketa-prozesu honek multzo subordinatuen sistema ondorioztatzen du, hierarkikoki antolatuta dagoena, zeren eta, taxonek kategoria taxonomiko jakina baitute. Adibide gisara, hona hemen gizakiaren sailkapena, gizakia zein taxonetan dagoen eta berauen kategoria taxonomikoa zein den adierazirik: Homo sapiens (espeziea), Homo (generoa), Hominidae (familia), Anthropoidea (subordena), Primates (ordena), Eutheria (subklasea), Mammalia (klasea), Vertebrata (subfiluma), Chordata (filuma), Animalia (erreinua).
Kategoria taxonomikoak taxonen arteko, eta beraz bizidunen arteko, "aldea" adierazten du. Demagun hiru espezie-pareren arteko zerikusia jakin nahi dela: zeintzuk dauden hurbilen elkarrengandik, artea (Q. ilex) eta haritza (Q. robur), haritza eta pagoa (Fagus sylvatica), edo gizakia eta gorila (Gorilla gorilla). Elkarrengandik hurbilen, artea eta haritza daude, zeren, genero berekoak izanik, hainbat ezaugarri baitituzte komunean; haritzak eta pagoak badute kidetasun estua (familia berekoak dira), baina badituzte ere genero desberdinetan sailkatuta egoteko adinako desberdintasunak; elkarren artean diferenteenak gizakia eta gorila dira, ez baitira familia berekoak, subordena berekoak baino.
Lineo (1707-78) izan zen naturaren ordenamenduari aurrerakada galanta eman ziona, nomenklatura binomiala ezarri baitzuen. Nolanahi ere, bere sailkapenerako bizidunen egitura behagarrien nolakoan oinarritu zen, ezaugarrien arteko antzekotasunari emanez garrantzi gehien. Espezieen jatorriaz liburua argitaratuz geroztik (1859), azaleko antzekotasunean baino areago bizidunen arteko kidetasun ebolutiboetan finkatu ziren sistematikariak: sailkapenek biziaren historia islada zezatela nahi zuten. Sailkapenak filogenia bilakatu ziren, hau da, espezie edo taxon handiagoen (kasurako filumen) zuhaitz genealogikoak.
Aristotele-ren sasoitik XIX. m.ko erdialdera arte, biologo gehienek erreinu bitan banatzen zuten bizidunen mundua: landareak eta animaliak. Hala ere, XIX. m.ko erdialdetik aurrera sistematikari askok atzemanda zuten, bakterio eta onddoak desberdinagoak zirela animalia eta landareekiko, animalia eta landareak euren artean zirena baino gehiago. Hortaz, hirugarren erreinu bat proposatu zen anomalia hauek sailkatzeko. Dena den, proposamen horiek, edo ez ziren kontuan hartzen edo garrantzirik gabeko bitxikeriatzat jotzen ziren.
Iritzi zientifikoa XX. m.ko hirurogeietan hasi zen aldatzen, batez ere, biokimika eta mikroskopiaren teknika berriez lortutako ezagumenduen kausaz. Teknika horiek agerian utzi zituzten, maila subzelularreko bai kidetasun eta bai diferentzia erabatekoak, halatan non hainbat erreinu berri proposatu baitziren (sistema batek hamahiru erreinu ezarri zituen). Nolanahi ere, 1959an R.H. Whittaker-ek plazaratutako bost erreinuetako sistema suertatu da arrakastatsuen, eta onarpen zabala lortu du. Ondokoak dira sistema honen erreinuak: Monera (moneroak: bakterioak), Protista edo Protoctista (protisto edo protoktistoak: alga, protozoo, mixomizete eta beste), Fungi (onddoak: perretxiko, lizun eta likenak), Animalia (animaliak: hogeita hamar filumetik gora) eta Plantae (landareak: goroldio, iratze, gimnospermo eta angiospermoak).
Atzera