Alfontso I.a Borrokalaria

(Hecho, Huesca, ? - Almuniente, Huesca, 1134), Antso V.a Ramirez eta Felizia Roucykoaren semea. Iruñeko XIII. erregea eta Aragoiko erregea (1104-34). Bere anaiorde Pedro I.a hildakoan erregetu zuten (1104). Alfontso VI.a hil zenean Gaztelako tronurako eskubidea aldarrikatu zuen eta gaztelauekiko borroka saihesteko, Gaztelako Urrakarekin ezkondu zen. Erregearen eta erreginaren arteko eztabaidak areagotuz joan ziren, Paskual II.a aita santuak ezkontza baliogabetu zuen arte (1114). Urte horretan bertan, Rotrou Perchekoak gidatutako taldeak Tutera mairuen eskuetatik libratu zuen eta honek sari gisa Tuterako jaurerria jaso zuen. Erregeak Zaragoza konkistatzeari ekin zion; bitartean, Gaztelako borrokak aurrera zihoazen. Alfontso I.a Borrokalariaren koartelak Haro inguruan zeuden; gaztelauek Naiara inbaditu zuten (1117), baina Alfontso I.ak Naiaratik bota zituen Diego Lopez de Haroren laguntzarekin. Zaragoza konkistatu zuen Gaskonia, Biarno eta Pirinioetatik I-ra bizi ziren euskal jauntxoen laguntzarekin (1118). Zaragoza ondoren Tortosa, Rueda, Tarazona, Calatayud, Daroca, Monreal eta Molina konkistatu zituen, Aragoiko erresuma oso hedatu zuelarik. Urraka erregina hil zenean beronen seme Alfontso VII.a koroatu zuten Gaztelako errege (1126); Alfontso I.ak eta VII.ak, azken honek Errioxa konkistatzeko ahaleginik egin ez zezan, akordio bat lortu zuten (Gaztelako bakea, 1127). Gaztela aldean arazorik ez zegoenez, Gilermo, Akitaniako dukeak zapaldurik zeuzkan euskaldunak askatzeko Baiona setiatu zuen (1130). Andaluzia aldean eginiko konkistak (1125-33) ustezkoak dira zenbait historialariren ustetan; lehenik, Tortosatik Valentziara pasa, Júcar zeharkatu eta Alcaraz hartu; ondoren, Granada zeharkatu eta Almer'ako kostaraino iritsi, eta azkenik, itzuleran, Córdobako erregea garaitu eta bere erresumara itzuli. 1134ean Fraga, mairuen gotorlekua, konkistatzen saiatu zen, baina hauek aurre egin eta zauritu egin zuten. Egun gutxi barru hil zen; zenbait historialariren ustetan mairuek beraiek hil zuten Huescan (1134). Baionako setioan eginiko testamentuan, erresuma "Jerusalemgo Ordena"-ren eskuetan utzi zuen; honek harridura eta nahastea sortu zuen. Ez Aragoik ez Nafarroak, ez zuten testamentua onartu. Egoera horretaz baliaturik Nafarroak independentzia lortu eta Gartzia IV. Ramirez Berrezarlea erregetu zuen; Aragoik Ramiro II.a Monjea (Alfontso I.a Borrokalariaren anaia) erregetu zuen.



Atzera