moneta

iz. 1. Produktuen prezioa adierazteko erabiltzen den unitatea (txanponetan, billetetan gauzatua), salerosketarako eta trukerako erabilia. 2. Legezko edozein ordainbide. erreserba-moneta. Banku zentraletako nazioarteko erreserbetarako erabiltzen dena. || kontu-moneta. Materialki gauzatuta ez dagoen moneta teorikoa, kontu-unitate gisa erabilia. || moneta eredu. Moneta-sistemen funtzionamendurako hartzen den nazioarteko erreferentzia (lehen urre edo zilarraren prezioa izaten zen; gaur egun, moneta jakin baten balioa hartzen da). || moneta faltsu. Legez kanpo benetakoaren ordez erabiltzeko asmoz egindakoa. || moneta indartsu. Merkatuan balio egonkorra izaten duena. || moneta-patroi. Moneta eredua.
XX. mendearen hasiera arte, moneta urrezko edo zilarrezko txanponak osatzen zuten, oro har, eta metal preziatuzkoak zirenez, balio jakin bat zuten. Billeteen kasuan, berriz, banku-igorleak bermatzen zuen urre-kantitate baten truke aldatzeko eskubidea. Ez zuten, beraz, diru-balioaren galerarik nozitzen. Bestetik, zilar eta urrearen prezioen gorabeheren baitan zeuden. Gaur egungo txanponek duten berezko balioa legez ordezkatzen dutenarena baino txikiagoa da. Estatu bateko moneta bertan erabiltzen diren ordainbide guztiek osatzen dute: txanponak, billeteak eta txekez edo transferentzia bitartez besterendu daitezkeen banku-erakundeetako gordailuak (banku-dirua). Hiru funtzio garrantzitsu betetzen ditu: ordainbide izatea, kontu-unitate izatea (zerbitzu eta ondasunen balioa jakiteko egokia baita) eta balore-gordailu izatea (dirua aktibo bat da eta ondarea dirutan ere gorde daiteke).
Moneta-politika. Politika ekonomikoaren helburu nagusiak lortzeko moneta-politikak dituen aldagai garrantzitsuenak moneta-eskaintza eta interes-tasak dira. Keynesen esanetan, moneta-politikaren tresnarik garrantzitsuena interes-tasen aldaketa da. Hala ere, moneta-politika ez zela egokia behar zen politika ekonomikoa aurrera eramateko zioen. Garai hartan, 1936an, langabeziaren arazoa larria zen eta derrigorrezkoa zen eskari agregatua (kontsumoa, gastu publikoa, inbertsioa, etab.) bultzatzea, eta horretarako egokiago jotzen zuen gobernuaren eskuhartzea politika fiskalaren bitartez. Keynesek bultzatutako politika-mota hauek 1970.eko hamarkadaren erdiraino iraun zuten. Dena dela, Bigarren Mundu-Gerraren ondoren, eta inflazioa indartu zen heinean, moneta-politikarekiko interesa areagotuz joan zen. 1960.eko hamarkadan moneta-politikaren indarberritzea ezagutu zen Friedman eta korronte monetaristaren eraginez. 1970.eko hamarkadaren erditik aurrera inflazio-tasa handiak zirela eta, politika monetaristak nagusitu ziren Mendebaldeko estatu garrantzitsuenetan eta, zehazki, moneta-eskaintzaren kontrola tresnarik erabiliena bilakatu zen.




Atzera