arabiar
adj. eta iz. Arabieraz mintzatzen den herri-multzoko kidea; herri horiei dagokiena.
K.a. X. mendean Arabiar penintsulan bizi ziren arabiarrak. Hizkuntzaz semitikoak ziren eta Siria eta Palestina alderako migrazioak K.a. VI. mendean hasi baziren ere, Islama nagusitu arte ez ziren inguruko herriak konkistatzen hasi. VIII. mendean, Arabiako tribu beduinoak Mahomak erakutsitako erlijio berriaren, Islamaren, inguruan bildu ziren eta beren fedea zabaltzeko gerra santuari ekin zioten. Honen ondorioz, mende bat geroago, Afrikako iparraldean eta Asiako lurralde zabaletan nagusitu zen beren inperioa.
Herri menderatu berri hauek Islama besarkatu eta, bai politikaz, bai kulturaz, konkistatzaileen maila berdina lortu zuten. Hizkuntza eta erlijioa izan ziren osagai bateratzaileak eta berehalaxe jo zituzten beren buruak arabiartzat.
VIII. mendean kalifa ortodoxoen artean hainbat borroka izan ondoren, kaliferri nagusia Bagdaden ezarri zen, abbastarren dinastiak bere gorte aberatsa bostehun urtez bertan mantendu zuelarik.
X. mendeaz geroztik inperioaren batasuna ahultzen hasi zen. Kaliferri independenteak agertu ziren, Kordoba eta Kairo esaterako, eta hiriburu hauek aurrerapen izpiritual eta material handia ekarri zuten. Arabiar merkataritza mundu osoan zehar, Europaren iparraldetik Afrikaren erdialderaino, hedatu zen eta beren karabanak India eta Txinaraino iritsi ziren. Arabiar ikastetxeetan, Ekialdeko eta Mendebaldeko kulturak bateratu ziren eta hau izan zen geroagoko europar kulturaren oinarria.
XIII. mendeaz geroztik Arabiar inperioak inguruko herrien inbasioak jasan zituen. Lehenbizi mongolak, gero turkiarrak eta, azkenik, Europako potentzia kolonialak izan ziren erasotzaileak. Atzerritar menderatzaileek jarraian, batzuek besteen ondotik, jardun zuten arren, arabiarrek zintzo mantendu dituzte tradizioak eta XX. mendean arabiar kultura eta Islamean oinarrituriko nazio independente asko sortu dira.
Egun 95 milioi inguru arabiar dago Arabiar penintsulan, Irak, Siria, Libano, Jordania, Egipto, Sudan, Libia, Tunisia, Algeria, Maroko, Mauritania eta Mendebaldeko Saharan barreiaturik eta, oro har, etnia honen ezaugarri nagusia arabiera da, beste etnia askorekin ezaugarri etnografiko eta soziologiko komun ugari dituelarik.
arabiera
Atzera