Irak

(Al-Jumuriah al-Irakiah). Asiako M-ko estatua. Mugak: I-an Turkia; M-an Jordania eta Siria; H-an Kuwait eta Saudi Arabia; HE-an Persiar golkoa; E-an Iran. Mesopotamiako zatirik handiena hartzen du. Tigris eta Eufrate ibaien arro erraldoiaren inguruan eratuta dago, Mesopotamiatik M-ra dagoen lurraldea meseta desertikoez osatuta dago. Iparraldea eskualde menditsua da. Klima subdesertikoa eta lehorra du. Tigris eta Eufrates ibaien urez eginiko ureztapenak egiten du posible bizia. Nekazaritza (garia, arroza, datilak eta kotoia) ureztapenari esker garatu da. Inguruko estepetan, ardi-aziendak nagusitzen dira. Dena den, petrolioa da Irakeko ekonomiaren oinarria. Horri esker industrializazioa hasi zen (siderurgia eta petrokimika), baina Kuwaiteko gerraren eta NBEk ezarritako enbargoaren ondorioz, garapen ekonomikoaeten egin zen.
Historia. Oraingo Irak, garai bateko Mesopotamian kokatuta dago, hau da munduko zibilizazio zaharrenen -sumertar, akadtar, babiloniar eta asiriar- seaskan. 224-633: sasandarrak nagusitu ziren eta beren inperioko hbru., Ktesifon-en ezarri zuten. 633-42: arabiarrek konkistatu zuten. 661-750: omeiatarren garaian alitarren kontrako borroka-leku izan zen. 750-1258: abbastarrek gobernatu zuten lurraldea. 762: Bagdad sortu zuten eta hiria abbastarren kaliferri indartsuaren hbru. bilakatu zen. Tugril Beg Mesopotamiako sultan bilakatu zen. 1092: inperioa sakabanatu egin zen. 1258-59: Hulagu-ren mongolek kaliferria eta Bagdad konkistatu eta suntsitu egin zituzten. Ureztapen-sistemak hondatu ziren eta krisi larrian murgildu zen. 1401: Tamerlan-ek Bagdad suntsitu zuen. XV. m.: Erresuma turkiarrak sortu ziren. 1515-46: otomandarrek lurraldea konkistatu zuten eta Irak Inperio otomandarraren menpe egon zen Lehen Mundu-Gerra bukatu arte. Alabaina, inperioko hbru.tik nahikoa urrun zegoenez, jarduera politiko-ekonomiko aski independentea izan zuen. 1623-58: Abbas sha irandarrak, Irak inbaditu eta Bagdad okupatu zuen. XIX. m.: mendearen hasieratik europarrek ordezkaritzak izan zituzten Bagdad eta Basoran. 1914-18: britainiarrak Basoran lehorreratu ziren eta astiro-astiro Irak osoa konkistatu zuten. 1920: Nazioen Elkarteak lurraldearen administrazioa Erresuma Batuari eman zion. H-ko beduinoak matxinatu egin ziren, baina zapalduak izan ziren. 1921: Faisal Ibn Husain hatxemia Irakeko errege bilakatu zen. 1925: kurduak bizi diren Mosul inguruko eskualdea irakiarren menpe utzi zuen Nazioen Elkarteak. 1932: Nazioen Elkarteak Irak kide independente moduan onartu zuen. Independentzia formala zen hein handi batean, britainiarren eragina oso handia zelako artean. 1933-39: Gazi I.aren erregealdian britainiarren aurkako kale-istiluak ugaldu egin ziren. 1939-41: lau urteko Faisal II.ak bere aita Gazi ordezkatu zuen. Ezegonkortasun politikoa oso handia izan zen. Tarte horretan zazpi estatu-kolpe egon ziren. Gutxiengo etniko eta erlijiosoen (kurdu, kristau nestoriar eta musulman sunnien) matxinadak gertatu ziren. 1941: Alemaniaren alde zegoen Rashid Alik boterea eskuratu zuen estatu-kolpe baten bidez. Britainiarrek Bagdad hartu zuten. 1941-58: Abd al-Ilah erregeordeak britainiarren interesak zaindu zituen. 1952: setio-egoera ezarri zen. 1958: Kassen jeneralak gidatutako estatu-kolpea arrakastatsua izan zen. Errege-familia hil zuten eta errepublika aldarrikatu zen. 1961: kurduak Al-Barzani-ren zuzendaritzapean matxinatu egin ziren. Petrolioa nazionalizatu egin zen. Irak-ek Kuwait bere lurraldean sartzea eskatu zuen. 1963: Baat alderdiak bultzatutako estatu-kolpearen bidez Abdul Salam Aref-ek eskuratu zuen boterea. 1964: kurduekin su-etena sinatu zen. 1966-68: Aref istripuz hil zen eta bere anaiak, Abdul Rahman Aref-ek, ordezkatu zuen. 1967: Sei Eguneko gerran parte hartu zuen. 1968: estatu-kolpe militar baten ondoren, Ahmad Hasan al-Bakr Errepublikako lehendakari bilakatu zen. SESBrekiko adiskidetasun-akordioa sendotu zen. 1969: Iranek kurduei laguntzen zielako Iran eta Iraken arteko harremanak eten egin ziren. 1973: arabiar eta israeldarren arteko gerran parte hartu zuen. 1975: Aljerko akordiaren ondorioz, Irakek Shat al-Arab eskualdean zituen erreklamazioak bazter utzi zituen Iranen alde. 1979: Bakr mariskalak dimititu egin zuen eta Sadam Hussein-ek ordezkatu zuen. 1980: Shat al-Arab eta Khuzistan berreskuratzeko, Irakek Irani eraso zion, Iranen barne-arazoek garaipen erraza ekarriko zutela pentsatuz. Estatu arabiar moderatuen laguntza jadetsi zuen Irakek. 1984: Husseinek kurduei autonomia agindu zien Iranen kontra laguntzearen truke. EEBBekiko harreman diplomatikoak berritu ziren. 1988: Iranen kontrako gerran atarramendurik atera gabe, su-etena sinatu zen. Halabjah kurduen hiria ziape-gasez bonbardatu zuen Irakeko armadak. 1990: Irak-ek Kuwait bere lurraldearen zatitzat aldarrikatu zuen. Abuztuaren 2an Kuwait inbaditu eta hartu egin zuen. Kuwait Iraken 19. probintzia izendatu zuten. NBEk EEBBk gidatutako nazioarteko armada bat antolatu zuen Irak Kuwaitetik bidaltzeko. 1991: nazioarteko armada eta Iraken arteko gerra piztu zen. Irak Kuwaitetik egotzi zuten eta nazioarteko armadaren hegazkinek Iraken garraiabide-sarea eta ekonomia txikitu zituzten. I-an kurduak eta H-an xiiak matxinatu ziren. Hussein-ek xiiak garaitu zituen eta botereari eutsi zion. Kurduekin autonomia negoziatu zuen. Nazioarteko tropek Iraken I-an kokatu ziren kurduak babesteko. Gerraz geroztik ezarritako enbargoaren ondorioz, krisi ekonomiko larria bizi izan zuen Irakek, baina Sadam Husseinek jarraitu zuen agintean.




Atzera