birus
iz. 1. BIOL. Mikroskopio elektronikoz bakarrik ikus daitekeen mikroorganismoa da, zelulen derrigorrezko parasitoa eta ostalaritik kanpo inertea. Azido nukleikoz (ADN zein ARNz) eta batzuetan hau inguratzen duen estalki proteiko batez osatuta dago. Animalia eta landareentzat gaixotasun-iturri dira. 2. INFORM. Ordenadorearen funtzionamendu normala galaraztea helburu duen programa.
Birusak bizidun unitaterik txikienak dira eta ezin dira mikroskopio optikoaz ikusi. Horregatik ez zen posible izan ezagutzea mikroskopio elektronikoa asmatu zen arte. Bakterioak baino askoz txikiagoak dira: 10-300 µm bitarteko diametroa dute. Hotzak ez ditu suntsitzen, baina sentikorrak dira korronte elektrikoarekiko eta elektroforesi bidez isola daitezke.
Egitura korpuskularra dute: barrutik azido nukleiko bat (ADN edo ARN-zko molekula izan daiteke) eta hau inguratzen duela proteinazko kapside geometrikoa. Kapside hau mosaiko gisa lotuta dauden kapsomero izeneko elementuek osatzen dute. Zenbait kasutan kapsula izeneko egitura kimiko konplexuagoko beste estalki bat egon ohi da guztia inguratzen.
Kapsideak zein forma hartzen duen, birus desberdinak daude: poliedrikoak (poliomielitisaren eta hepatitisaren birusak); zilindrikoak (tabako-landarearen mosaiko gaixotasunaren sortzailea); eta konplexuak, hauek bi zati dauzkate: forma hexagonaleko burua (azido nukleikoa gordetzen duena) eta isatsa (helikoidala, gako batzuk dituena). Mota honetakoak dira bakteriofagoak eta nafarreriaren birusa.
Birusek ez dute metabolismorik berez, eta ezin dira parasitatzen duten zelula ostalaritik kanpo ugaldu. Prozesua honela gertatzen da: eraso behar dion zelularen mintzari itsasten zaio birusa (bakteriofagoa baldin bada, gakoak erabiliz), eta mintza zulatu ondoren azido nukleikoa inokulatzen du, kapsidea kanpoan geratzen delarik. Birusaren azido nukleikoak zelularen metabolismoa zuzentzen du eta lehenengo, bikoizketaren bidez, birusaren azido nukleiko berriak sortzen ditu eta gero kapside proteikoak. Zelula barrua birus berriekin betetzen denez, zelula hil eta birusek alde egiten dute beste zelula ostalari baten bila.
Atzera