Espainiako Gerra Zibila

Espainiako gobernu errepublikarraren eta horren aurka matxinaturiko sektore militar eta sozialaren arteko gatazka armatua (1936-39). Gerran 600.000 hildako izan ziren. Francoren jarraitzaileek, Italiako eta Alemaniako gobernuen laguntzaz, errepublikarrak garaitu zituzten. Francoren armadak 1939ko urtarrilean Bartzelona hartu eta Alacanten zegoen Errepublikako gobernuak Frantziara alde egin behar izan zuen. Martxoan Madril hartu ondoren gerra amaitu eta Francoren diktadura hasi zen.
Gerra Zibila Euskal Herrian (1936-37). Hego Euskal Herria guztiz harrapatu zuen Espainiako Gerra Zibilak, eta zeharka Iparraldea ere bai. Madrilgo Gorteetarako 1936ko hauteskundeetan 15 ordezkaritik 7 zituen lortuak EAJk Bizkaian eta Gipuzkoan, eta autonomi estatutua zuen errebindikazio nagusia. Ezaugarri bereziak izan zituen gerrak, batez ere Gipuzkoan eta Bizkaian. Lehenik, eskuindar espainolen matxinada lagundu eta bultzatu zuen masa-mugimendu garrantzitsu bat zegoen: karlismoa, bereziki Nafarroan. Bigarrenik, Espainian ez bezala, burgesia abertzaleak bat egin zuen ezkerreko alderdiekin Errepublikaren alde. Hirugarrenik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarentzat autonomi estatutua lortu eta, botere politikoaz gainera, euskal armada (Euzko Gudarozteak) ere antolatu zen. Azkenik, kleroaren jokaera ere berezia izan zen, batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan, parte garrantzizko batek matxinatuen aurka eta errepublikarren alde egin baitzuen, Espainian ez bezala.
Nafarroako gobernadore militarra Mola jenerala zen, altxamenduko buruetako bat; eta uztailaren 18an bertan nagusitu zen Nafarroan estatu-kolpea. Ondorengo errepresioa eta garbiketak ankerrak eta zabalak izan ziren (3.000 lagun inguru garbitu zituzten garaitzaileek, Jimeno Jurio historialariaren iritziz; askoz gehiago beste batzuen ustez). Uztailaren 19an, gerra-egoera aldarrikatu, eta erreketeak jeneralaren agintepean jarri ziren beste lurraldeak konkistatzeko. Araban Kamilo Alonso Vega teniente koronelak, Molarekin bat eginda, bere agintea ezarri zuen 19an bertan, eta errepublikarrek altxamenduaren aurka greba orokorra deitu zuten arren, ez zuen arrakastarik izan. Euzko Gudarozteak Araban eginiko ahaleginak Legutioko porrot militarrean amaitu ziren.
Bizkaian eta Gipuzkoan huts egin zuen estatu-kolpeak. Baina Gipuzkoari laster eraso zioten Nafarroatik sarturiko matxinatuek. Lesaka eta Oiartzundik, A. Beorlegirekin sarturikoek erresistentzia gogorra aurkitu zuten errepublikarren aldetik, baina irailaren 4an Irun konkistatu zuten. Donostian lortua zuten hasieran militar matxinatuak errenditzea, baina Beorlegiren kontrolpean erori zen irailaren 13an. Bestalde, Leitza, Ataun, Betelu eta Zegamatik sarturik, Gipuzkoaren barrualde osoa hartu zuten; eta gerra-frontea Bizkaia aldera aldatuz joan zen. Espainiako Parlamentuak 1936ko urriaren 1ean onartu zuen euskal autonomi estatutua; eta hilaren 7an osatu zen Euzko Jaurlaritza, gerra-gobernu gisa; Euzko Gudaroztea antolatu zuen.
Euzko Jaurlaritzak ez zuen Gobernu errepublikarretik ia ezer lortzerik izan; hiru aldiz indartsuagoak ziren matxinatuak. Euzko Gudarozteak Araban eraso egin zuen 1936ko abenduan (Legutio), Gasteiz berreskuratzeko asmoz, baina ez zuen lortu. Aurrerantzean armada frankista Bizkaia hartuz joan zen, aireko bonbardaketa erabakitzaileei esker. Hegazkin alemanek 1937ko apirilaren 26an Gernika bonbardatu eta suntsitu zuten. Ekainaren 19an hartu zuten frankistek Bilbo, azken erresistentzi gunea. Euskal Herriari zegokionez, 1937ko abuztuaren 24an amaitu zen Espainiako Gerra Zibila, Francoren bandoko italiarrek eta EAJko ordezkariek Santoņako ituna sinatu zutenean.
Ipar Euskal Herriak ere nahikoa hurbiletik bizi behar izan zituen ondorioak, Hegoaldetik alde egin zutenei laguntzen. Baina euskaldun askok aukeratu zuen Venezuelara, Argentinara, Mexikora eta Amerikako beste herrialdeetara atzerriratzea; hauxe izan zen gerraren beste ondorio lazgarria eta garrantzi historiko handikoa.




Atzera