lurrikara

iz. GEOL. Lurrazalaren higidura edo astinaldi bortitza, lurrazalaren barneko puntu batean (hipozentroan) gertatutako perturbazio baten ondoriozko uhinen hedapenak eragindakoa. Hipozentroari lurraren gainazalean dagokion puntua epizentroa da. Lurrikaren indarra eskala batzuen bidez neurtzen da (Mercalliren edo Richterren eskalak, adib.).
Oro har, lurrikarak lurrazalean gertatu ohi diren egokitzapenen ondorio dira. Lurrazalean mugimendu tektoniko oso mantsoak ari dira gertatzen etengabe eta mugimendu hauek dira, hain zuzen ere, luzaroan tolestura, faila eta hausturak sortarazten dituztenak. Mugimendu hauek gelditu egiten dira bi plaka tektonikoek elkarri egiten dioten marruskadura- eta bultzada-indarrak parekoak gertatzen diren tokietan; indar tektonikoek bultzaka jarraitzen dutenez, tentsioak behartuta gertatzen den gune batean metatzen dira, eta, azkenean, bultzada eta marruskaduraren arteko oreka bat-batean desegin eta bultzada nagusitzen da; honela, energia ikaragarria askatzen da norabide guztietan konpresio- eta deskonpresio-uhinen bitartez. Uhin sismiko horiek lurrazaleko puntu batetik igarotakoan lurraren dardara eragiten dute lurrikara sortuz.
Lurrikara itsaspekoa bada, hots, itsasikara bada, kostaldera iritsi aurretik milaka kilometro egiten dituzten olatu erraldoiak, tsunami-ak, sortzen dira. Zenbaitetan, kostaldeko eskualde batean gertatutako mugimendu sismikoak lurrikara eta tsunamia sortaraz ditzake batera; horrelakoetan, suntsitzeko indarra itzela izaten da.
Historian zehar nabarmenak izan diren lurrikaren epizentroa planisferio batean puntu batez irudikatuz gero, lur-zerrenda jakin batzuetan -plaka tektonikoek elkar ukitzen duten lur-zerrendetan hain zuzen- pilatzen direla ikus daiteke, eta horietaz aparte, apenas dagoen punturik.
Uhin sismikoak hiru motatakoak izan ohi dira: lehenik, P uhinak edo primarioak, sismografoek jasotzen dituzten lehenengoak eta solidoak zein likidoak zeharkatzen dituztenak. Luzetara hedatzen dira 7,l5-14 km/s bitarteko abiadura lortuz. Bigarrenik, S uhinak edo sekundarioak, zeharka zabaltzen direnak, 4-7,5 km/s bitarteko abiadura dutenak eta likidoak zeharkatzen ez dituztenak. Eta hirugarrenik, L uhinak edo uhin luzeak, epizentroan sortu, lurrazaletik soilik hedatu eta 4 km/s-ko abiadura dutenak.
Adituen artean seismoen indarra magnitudeen bitartez adierazten da. Richter eskalan magnitudea epizentrotik 100 km-ra jasotako uhinaren gehieneko anplitudearen logaritmoa da; honela bada, gradu batetik besterako balioa nabarmen aldatzen da eskala honetan. Eskala honen bidez jasotako lurrikararik bortitzenak 8,6 graduko indarra izan zuen.
Bestetik, ondorio praktikoei begira, Mercalliren eskala enpirikoa erabiltzen da. 10 gradu ditu eta eragindako kalteen arabera neurtzen du.
Euskal Herrian lurrikara gogorren arriskua txikia da, izan ere, dortsal eta subdukzio-zonetatik urrun baitago; hala ere, inoiz gertatu izan dira indar txikiko lurrikarak, Nafarroan eta Zuberoan esaterako.




Atzera