metabolismo

iz. BIOL. Organismo bizidunetan gertatzen den erreakzio kimikoen multzoa, substantzien sintesi (anabolismoa) eta deskonposaketan (katabolismoa) datzana. • metabolismo basal. Funtzio begetatiboak mantentzeko beharrezkoa den energi gastu minimoa. Alegia, erabateko atseden-egoeran, 16 ºC-ko atmosfera edo ingurugiro batean eta 16 ordu lehenagotik baraurik dagoen pertsona baten gorputz-azalerako m2 bakoitzeko eta orduko bero-maila, kaloriatan emana.
Organismo bizidunek etengabe elkartrukatzen dute energia eta materia ingurunearekin, eta horrela ezean ezingo lirateke bizi. Kanpotik hartutako materialak eraldaketa-prozesua jasaten du, eta molekulen haustura, adizio eta berrantolaketak direla medio, energi iturritzat baliatuko diren konposatu biologikoak eratuko dira.
Konposatu organiko batek energia sor dezan oxidatu egin behar du -elektroiak galdu-; konposatu horretako atomo-loturak haustean askatzen baita energia. Oxidazio hauetan edota zelula barneko edozein erreakzio kimikotan entzimek hartzen dute parte, konposatuak aktibatu, beste substantzia batzuekin hartu-emanean jarri eta tenperatura egokian erreakzionatzea ahalbidetzen baitute. Entzimen ekintzagatik ez balitz, erreakzio metabolikoek tenperatura izugarri altuak eskatuko lituzkete, baina hori ez da posible bizitza zelularrean.
Ingurunetik hartutako molekulak eta digestioan zatitu direnak, konposatu sinpleagoetara eraldatzen dituen prozesuari katabolismo deritza; eta molekula sinpleetatik egitura organiko konplexuagoak eratzea ahalbidetzen duen prozesuari berriz, anabolismo. Lehenengoan askatutako energia bigarrenean kontsumitzen da.




Atzera