Belgika

(fr. Royaume de Belgique, ned. Koninkrijk Belgie). Europako estatu federala. Mugak: I-an Herbehereak; M-an Ipar itsasoa; H-an Frantzia eta E-an Luxemburg eta Alemania. Hiru eskualdetan banatuta dago: Flandes, Walonia eta Brusela, eta eskualdeen autonomi maila oso handia da. Hiru eskualdetan banatuta dago: Flandes, Walonia eta Brusela, eta eskualdeen autonomi maila oso handia da. Zatirik handiena Europako lautadaren barnean dago. HE-an Ardenetako meseta dago. Ibai nagusiak Scaut eta Mosa dira. Biok eta berorien adar asko nabigarrariak dira eta kanalekin batera garraiabide-sare handia osatzen dute. Itsasaldeko klima du. Ikatz-erreserba handiak ditu. Nekazaritza (populazio aktiboaren % 2) oso intentsiboa da. Industria (populazio aktiboaren % 29) da ekonomiaren oinarria. Industria nagusiak siderurgia, ehungintza, beiragintza, papergintza, azukre-birfindegiak eta garagardogintza dira. Zerbitzuen sektorea (populazio aktiboaren % 69) oso garatuta dago. Garraio-sare eta -azpiegitura oso ona da. Biztanlegoa bi talde etniko eta linguistikotan banatuta dago: I-ko flandestarrak, nederlanderaz egiten dutenak, eta H-ko waloniarrak, frantsesez egiten dutenak. Brussela inguruan bi komunitateak nahasirik daude.
Historia. K.a. 57-51: Julio Zesarrek Belgikako lurraldea zeltei irabazi eta Erromaren menpe jarri zuen. IV-VI. m.en bitartean frankoek inbaditu zuten. 843: Verdungo hitzarmenaren bidez, Belgikako lurraldea Frantzia eta Lotaringiaren artean banatu zen. Lotaringia Germaniaren menpean gelditu zen 925ean. IX-XV. m.en bitartean, Frantzia eta Alemaniaren menpe egonik, printzerriak sortu eta hiriak merkataritza-gune garrantzitsu bilakatu ziren. XIV. m.tik aurrera Belgikako historia Herbehereetako historia bera da. 1790: Frantziako enperadorearen aurka matxinatu eta Belgikako Estatu Batuak izenarekin independentzia aldarrikatu zuten. 1795-1815: Frantziak anexionatu egin zuen. 1815: Frantziako inperioa hondoratu zelarik, aliatuek Vienako kongresuan Herbehereetako erresuma sortu zuten eta Gilermo Orange-koa errege bihurtu zen Gilermo I.a izenaz. 1830: Brusela Gilermo I.aren aurka matxinatu egin zen eta Herbehereetako erresumako probintzia belgikarrek independentzia aldarrikatu zuten. 1831: monarkia aukeratu zen gobernu-modu bezala eta Saxonia-Coburg etxeko Leopoldo printzeari eskaini zioten koroa. 1865: Leopoldo II.a erregetu zen eta Belgikako garapen ekonomikoa bultzatu zuen. 1885: Kongoren esplorazioa hasi zen erregeak bultzatuta. 1908: Kongo kolonia bilakatu zen. 1914: Lehen Mundu-Gerran Alemaniak inbaditu zuen. 1939: Bigarren Mundu-Gerran ere Alemaniak Belgika okupatu zuen. 1951: Leopoldo III.ak, nazien aurrean izan zuen jokabidea zela eta, erregetzari uko egin behar izan zion. Beronen seme Balduinok ordezkatu zuen. 1970: federalismorako bidean hasi zen Belgika. 1977: hiru eskualde administratibotan banatu zuten: Flandes, Walonia eta Brusela. 1989: Bruselako estatutua onartu zen. 1993: konstituzioa aldatu eta estatu federal bihurtu zen. Balduino erregea hil zen eta bere anaia Alberto II.a erregetu zuten.




Atzera