Danimarka
(Kongeriget Danmark). Europako I-ko estatua. Mugak: I-an eta M-an Ipar Itsasoa; E-an Itsaso Baltikoa; H-an Alemania. Lurraldearen zati bat kontinentala da (Jutlandiako penintsula), gainerakoa uharteak dira (Seelandia, Fionia, Lolland, etab.). Oso laua da (muinorik altuena 173 m). Klima ozeanikoa da, oso hezea. Erliebea eta klima egokiak dira nekazaritza eta abeltzaintzarako. Lurraldearen % 70 inguru nekazaritza- eta abeltzaintza-lurrak dira, baina esku-lanaren % 7 baino ez da lehen sektorean aritzen. Lehen sektorea oso mekanizatuta dago eta errendimendu handiko produkzioa du (garagarra, garia, erremolatxa, patata). Esne, esneki eta okelaren produkzioa ere handia da eta esportatu egiten da. Arrantza oso garatuta dago. Lehengaiak eta energia inportatu egiten dira, baina industriaren sektoreak garapen handia lortu du (eraikuntza mekanikoak, ontzigintza, ehungintza, industria kimikoa, elikagaigintza). Merkataritza oso aktiboa da, itsas merkataritza batez ere.
Historia. Danimarkako lurraldea Neolitoaz gero egon da populatuta. IX. m.: bikingoek Ingalaterra, Irlanda, Frantzia eta Iberiar penintsulako kostaldeetan eraso zuten, Mediterraneoraino iritsiz. X. m.: Sven Tveskaeg-ek (986-1014) Ingalaterra osoa bereganatu zuen eta haren seme Knanuto I.a Handia Ingalaterra, Danimarka eta Norvegiako lurretako errege izan zen. 1042: Ingalaterra erresumatik atera egin zen. XII. m.: erregimen feudala nagusitu eta Elizaren eragina handiagotu egin zen. Eliza eta monasterio asko eraiki zen. 1165: Absalon artzapezpikuak Kopenhage fundatu zuen. Hurrengo urteetan merkataritza biziki garatu zen eta Baltikoaren inguruko kostaldeak konkistatu zituzten. 1241-1375: erret boterea murriztu eta noblezia indartu egin zen. Valdemar IV.aren alaba Margarita Norvegia eta Danimarkako erregina bilakatu zen (1387). 1523: Gustabo I.a Vasa Suediako errege izendatu zuten. Eskandinaviako batasuna hautsi egin zen. 1536: Kristian III.a erregeak luteranismoa estatu-erlijio ezarri zuen. 1563-70: itsasartzeen kontrola zela eta, Danimarka eta Suediaren arteko gerra piztu zen. Aurrerantzean Danimarka Baltikoan nagusi agertu zen. Hogeita Hamar Urteko gerran parte hartu, baina porrot egin zuen. 1645: Suediak eraso egin zion eta ondorioz Baltikoko itsasarteetako bidesariak suediarrei kobratzeko eskubidea galdu zuen (Bromsebroko bakea, 1645). 1658: Federiko III.ak Suediaren aurkako gerran porrot egin eta Eskania eskualdea galdu zuen (Roskildako bakea). 1661: monarkia absolutu eta heredagarri bilakatu zen. 1720: Schleswig-eko zati bat eta Sund-eko bidesariak berreskuratu zituen. Kristian VI.aren erregealdian (1730-46), Danimarkak oparoaldi ekonomikoa izan zuen. Koloniak sortu (Groenlandia, Afrika) eta merkataritza garatu egin zen. Hurrengo urteetan eskola- eta nekazaritza-erreforma gauzatu eta politika progresista egin zen. 1801: Napoleonen garaiko gerretan Danimarka neutralen ligan sartu zen (Danimarka, Suedia, Errusia eta Prusia), baina Britainia Handiak Kopenhage bonbardatu eta danimarkarren gerraontziak hondoratu egin zituen. Orduan Frantziarekin aliatu zen. 1814: Kielgo bakean Danimarkak Suediari Norvegia eman behar izan zion, ordainez Schleswig eta Holsteingo dukerriak jaso bazituen ere. 1849: Federiko VII.ak konstituzio demokratikoa onartu zuen. 1864: Austriak eta Prusiak Danimarkaren aurka egin zuten Dukerrien gerran. Danimarkak Schleswig, Holstein eta Lauenburg-eko dukerriak eta Kiel hiria galdu zituen. 1866: konstituzioan aldaketa egin eta bi ganbara sortu ziren: Landsting eta Folketing. 1901: kontserbadoreek hauteskundeak galdu eta ezkerreko alderdiak gobernura iritsi ziren. Lehen Mundu-Gerran Danimarka neutral izan zen. 1918: Islandia independente bilakatu zen, nahiz eta Danimarkako erregeak Islandiako estatuburu izaten segitu. 1924-40: gobernua sozialdemokraten eskuetan egon zen eta gizarte-erreforma ugari egin zen. 1940-45: Alemaniak Danimarka okupatu zuen. 1944: Islandia erabat independente bihurtu zen. 1945-70: alderdi sozialdemokratak, J. O. Krag-ek zuzendua, gobernatu eta ekonomiaren garapenari lagundu zion. 1972: Margarita II.a tronuratu zen. 1973: Danimarka EEEra sartu zen. 1982: kontserbadoreak, Poul Schlüter buru zutela, gobernura iritsi ziren eta hurrengo urteetako hauteskundeetan (1984, 1987, 1988) eutsi egin zioten gobernuan. 1992: Maastricht-eko ituna berresteko erreferendumean ezezko botoak nagusitu ziren Danimarkan. 1993: bigarren erreferendumean baiezkoak irabazi zuen, Europako Batasuneko gainerako estatuek Danimarkaren eskaerak onartu eta gero. Sozialdemokratak gobernura iritsi ziren berriro.
Danimarkako itsasartea.
Atzera