Iruņea

Nafarroako Foru Komunitateko hbru. eta Euskal Herriko hbru. historikoa, izen bereko mer.an, Nafarroako erdialdean; 166.279 bizt. (iruindarrak edo iruinxemeak). Iruņerria eskualdean dago, mendiz inguratua: San Cristobal (895 m), Erreniega (1.037 m), Taxoare (672 m). Arga ibaiak E-tik M-ra zeharkatzen du. Klima submediterranearra du, hezearen eta lehorraren artekoa.
Artea. Iruņeko Alde Zaharra, Ziutadela, Harresiak, Gotorlekua, Nafarroako museoa, Konptu-ganbara, San Pedro, Miluze eta Madalena zubiak eta katedrala (XV. m.) monumentu izendatuta daude. Halere, badira eraikin aipagarri gehiago ere: Agustindar errekoletoen eliza eta hemengo erretaula churriguereskoa eta organo klasikoa, Aldapako San Fermin basilika neoklasikoa, San Agustin parrokiako Erdi Aroko pontea, San Nikolasko Kristo Gurutziltzatuaren eskultura (XIV. m.), San Saturnino eliza (XIII. m.), San Domingo eliza gotikoko Picart eta Beauvais-en eskulturak, Leringo kondeak XVI. m.an eraikitako Kondestablearen etxea, Redin Cruzat-en etxea (1658), San Bartolomeko gotorlekua (1730), Antso VI.a Jakitunak eraikitako Erregeordearen edo Kapitania jauregia (1190), Diputazioko jauregi neoklasikoa, Iruņeko artzapezpikuen egoitza izan den Artzapezpiku-jauregi barrokoa (1732) eta Ezpeleta jauregi barrokoa; "Nafarreriako jauregia" izenez ere ezaguna.
Historia. Historiaurreko aztarnak aurkitu badira ere, lehen datu segurua K.a. 75-74. urtekoa da, Ponpeiok bere tropak negua igaro zezaten sortutako "Ponpaelo"-ren garaikoa. Hiri erromatarra izan zen, arkeologi indusketetan aurkitu denez; egitura soziologikoa eta politikoa baskoiak zituen, hala ere. Germaniarrek hiria suntsitu egin zuten (275). Bisigodoek (VIII. m.ra arte) eta musulmanek (VIII. m.aren bukaera bitartean) hiria konkistatu nahi izan zuten. Karlomagno (778), Ludoviko Pio (812-16) eta Pepin Laburra (824) errege frankoek, oso denbora laburrean bada ere, menperatzea lortu zuten. Pepin Laburrak Iruņera bidalitako armada, Eneko Aritza eta bere suhiek garaitu zuten Orreagan eta Iruņeko erresuma baskoia sortu zen (IX. m.); XII. m.ra arte iraun zuen beronek. Abd ar-Rahman III.ak hiria suntsitu egin zuen (924). Hainbat erasoren ondoren, XI. m.aren amaieran hiri-itxura hartzen hasia zen Iruņea; jatorrizko biztanle baskoiak Nafarreria hiri zaharrean bizi ziren eta, ondoan, San Zernin burgua osatu zuten inmigrante frankoek. Azken honi, Alfontso I.a Borrokalariak Jacako forua eman zion (1129); San Zerninen H-an sorturiko merkatari eta artisauen auzoari, San Nikolasi, eta Nafarreriari berari ere foru bera eman zien (1189). Baina bizi-mailen desberdintasunen eta auzoen arteko gorrotoen ondorioz gatazkak piztu eta Nafarreria erre egin zuten (1276). 1284an Joana I.a Nafarroako erregina Felipe I.arekin ezkondu zenean, Frantziako dinastia sartu zen Nafarroako agintean; Nafarreriakoen onespenik gabe ordea. Bestalde, hirian apezpikuak zuen eskumena ere eztabaida askoren iturria zen. Azkenean, eskumen hori erregearen esku geratu zen mesede batzuen truke (1319). Nafarreria berreraiki egin zen, baina erresuma osoan krisi-egoera nagusitu zen eta, Izurrite Handiak areagoturik (1348), beherakada handia izan zuen populazioak. Karlos III.a Prestuak, hiria batzeko pribilegioa sinatu zuen (1423); handik aurrera hiri zaharra, burgua eta auzoa hiri bakarra izan ziren eta Nafarroako Foru Nagusia izan zuten indarrean (alkate, epaile eta zinegotzi komunak). Nafarroako Blanka I.a hildakoan (1441), nafarrak zatitu egin ziren: agramondarrak (Joan II.aren aldekoak) batetik eta beaumondarrak (Karlos IV.a Bianako printzearen aldekoak) bestetik; Iruņea beaumondarren alde agertu zen. Aragoiko Fernando II.ak Nafarroa eta Frantziako erresumen aurka egin zuen. Haren aginduz, Albako dukeak Nafarroa inbaditu zuen eta Iruņera sartu zen eragozpenik gabe (1512). Joan III.a Albretekoaren tropak sartu ziren gero, baina ez zuten lortu hiria bereganatzerik; bai ordea Gaztelako tropek. Nafarroa Gaztelako koroara elkartu zen, nahiz eta erresuma bakoitzak bere antolamendu politikoa mantendu. Gaztelako erregeak Nafarroarako erregeordearen egoitza Iruņean ezarri zuen. Gotorlekua eta harresiak sendotu egin ziren (XVII- XVIII. m.). Espainiako Independentzi gerran tropa frantsesek gotorlekua hartu eta bertan egon ziren gerra amaitu arte (1808-13). Cádizko konstituzioaren alde altxatu zen (1820), baina erregearen aldekoek hiria hartu egin zuten (1823). Karlistadetan liberalen gune nagusia izan zen eta bigarren Karlistadan setio luzea jasan zuen (1874-75). Gamazada izeneko altxamenduan, nafarrak Iruņean bildu ziren eskubide historikoak aldarrikatuz (1893). Errepublika garaian, Hego Euskal Herriko udalek euskal autonomiaren botazioa burutu zuten Iruņeko Biltzarra izenekoan (1932). Espainiako Gerra Zibilaren garaian, Mola jeneralak hartu zuen hiria (1936). Nafarroako Foru Komunitateko hbru. da eta Nafarroako Gobernua eta Legebiltzarraren egoitzak bertan daude (1978).




Atzera