Kroazia

(Hrvatska). Europako erdialdeko estatua, Balkandar penintsulan. Mugak: I-an Hungaria eta Eslovenia; H-an Bosnia-Herzegovina eta Itsaso Adriatikoa; E-an Serbia eta Montenegro; M-an Itsaso Adriatikoa. Dalmazia osoa, Istriako zati handi bat eta Eslavonia eskualdeak hartzen ditu. Hegomendebaldea da zatirik menditsuena (Dinariar Alpeak) eta iparrekialdea (Eslavonia) zelaien eta emankorrena, nekazaritzarako aproposa (zerealak, patatak, frutak, linua). Kostaldean industria (Split, Rijekako portua) eta turismoa (Dubrovnik, Split) dira jarduera nagusiak. Erdialdea, Zagreb eta inguruak, oso industrializatua dago (ehungintza, elikagaiak, siderurgia, industria kimikoa, petrolioa). Baliabide naturalak ere baditu (bauxita, ikatza, energia hidraulikoa).
Historia. I. m.an iliriarrak bizi ziren bertan eta erromatar inperioaren menpe zegoen lurraldea. VI. m.: eslaviarrek inbaditu zuten. VII. m.: kroaziarrak finkatu ziren. X. m.: Karlomagnoren inperioaren menpe gelditu ziren. Tomislav-ek dinastia bat sortu, bere burua errege izendatu eta Kroazia osoan agindu zuen. Hungariar, bulgariar eta bizantziarren aurka borrokatu eta Panonia, Bosnia eta kostaldera hedatu zuen bere lurraldea. 1102: Hungariako erregea, Kroaziako errege ere izan zen (1102). Zortzi mendez Kroazia Hungariari lotuta egon zen eta bien artean akordio berezi bat izan zuten: Kroaziak bere biltzarra zuen eta, Hungariarekin bat eginik egonik ere, bere legeak izan zituen. 1526: Kroaziako zati handi bat otomandarrek eskuratu zuten eta, gainerakoan, kroaziarrek Bohemia eta Hungariako errege Fernando I.a Habsburg-ekoa hautatu zuten errege. XIX. m.aren hasieran kroaziarren hizkuntza eta kulturaren aldeko mugimendua piztu zen. 1848: hungariarrak Austriaren aurka altxatu zirenean, kroaziarrak habsburgtarren alde borrokatu ziren, kroaziarrek Hungariarekiko lotura hautsi nahi baitzuten, baina Austria eta Hungariaren arteko itunak (1868) Kroazia Hungariaren menpe utzi zuen. 1918: Lehen Mundu-Gerraren amaieran, dieta kroaziarrak independentzia aldarrikatu eta kroaziar, serbiar eta esloveniarrek osatutako erresuman sartzea erabaki zuen. 1929: erresumak Jugoslavia izena hartu zuen. Kroaziak serbiarren zentralismoari aurre egin zion orduan. 1941: alemaniarrek eta berauen aliatuek Jugoslavia desegin zuten; alemaniar eta italiarrek kontrolatu zuten eta A. Pavelic buruzagi faxistak, nazien laguntzaz, Kroazia estatu independente bilakatu zuen. 1945: Jugoslaviako Herri-Errepublika Federalaren sei errepubliketako bat bilakatu zen Kroazia. Mugimendu nazionalistak bizirik iraun zuen. 1990: hauteskundeak oposizio ez-komunistak irabazi zituen. 1991: Kroaziak independentzia aldarrikatu zuen; ondorioz, kroaziarren eta serbiarren artean gerra piztu zen (1991-93). 1995: serbiarrak nagusi diren Krajina eskualdean istiluak izan ziren eta armada kroaziarrak okupatu zuen; urte berean, Kroaziak, Bosniak eta Serbiak bake-ituna sinatu zuten.




Atzera