Serbia

Jugoslaviako I-ko errepublika; 88.361 km2 eta 9.790.000 bizt. Hbru. Belgrad. Bi prob. autonomo ditu barnean: H-an Kosovo eta I-an Vojvodina. Mendi ez oso garai eta muinoz osatutako lurraldea da. Nekazaritza.
Historia. K.a. II. m.: Erromatar inperioak bereganatu zuen. K.o. VII. m.: eslaviarrek konkistatu zuten. Hurrenez hurren, bizantziarrek, grekoek eta bulgariarrek menperatu zuten. Esteban Nemanjak eslaviarrak Bizantziar inperioaren menpetik askatu (1180) eta Nemanjic dinastiari hasiera eman zion. 1219: Esteban I.a Nemanjic-ek Serbiako Eliza Independentea sortu zuen. 1331-55: Esteban Dusan-ek bizantziarrei Mazedonia, Epiro eta Tesalia kendu eta "serbiar eta grekoen enperadore" titulua hartu zuen; Serbia Balkanetako estatu garrantzitsu bihurtu zen. 1389: otomandarrek serbiarrak garaitu zituzten Kosovoko guduan. 1459: Serbia osoa gelditu zen otomandarren menpe. 1688: Austriak otomandarren menpetik askatu zuen, baina 1690ean otomandarrek berreskuratu egin zuten eta errepresio handia ezarri zuten; serbiar askok Kosovo utzi eta Austriaren menpe zegoen Vojvodinan kokatu ziren. 1804: otomandarren aurka altxatu ziren serbiarrak, Karajorje buru zutela. 1815: Milos Obrenovic-ek beste altxamendu bat burutu zuen eta otomandarrek autonomia eman zioten Serbiari. 1830: errusiar-turkiar gerra amaiturik (1828-29), Serbia printzerri autonomo bilakarazi zuten Europako potentziek, otomandarrak jabe eta errusiarrak babesle zituela. 1842-89: Obrenovic eta Karajorjevic dinastien arteko borroka nagusitu zen; agintea txandaka eduki zuten. 1877-78ko errusiar-turkiar gerran serbiarrak errusiarren alde borrokatu ziren eta Berlingo Kongresuan erabateko independentzia lortu zuten. 1882: erresuma bilakaturik, Milan Obrenovic izan zen lehen erregea; Austriaren eragin-eremuan gelditu zen erresuma berria. 1903: Pedro Karajorjevic erregetu zuten eta erregimen demokratikoa ezarri zuen. Austria-Hungariako inperioak Bosnia-Herzegovina anexionatu zuelarik (1908), Serbiak, bere independentzia segurtatzearren, Balkanetako herrien arteko aliantza bilatu zuen. 1912-13: Balkanetako gerretan parte hartu eta Mazedoniako zati handi bat eskuratu zuen. 1914: Frantzisko Fernando artxiduke austriarrak Sarajevon jasandako atentatua aitzakia izan zen Austriak Serbiari gerra deklaratzeko eta, ondorioz, Lehen Mundu-Gerra piztu zen. 1915-18: Bulgariak eta Europako erdialdeko potentziek Serbia okupatu zuten. 1918: serbiarren, kroaziarren eta esloveniarren erresuma sortu zen. 1929: erresumak Jugoslavia izena hartu zuen. 1945: Jugoslaviako estatu federal sozialistako errepublika federatu bilakatu zen. 1986: Slobodan Milosevic Serbiako komunisten buru izendatu zuten; honek, Jugoslaviako nazionalitate eta eskualdeen autonomia mugatu eta serbiar zentralismoa bultzatu nahi zuen mugimendua gidatu zuen. Hori zela eta, 1988az geroztik arazo etniko larriak hasi ziren (Kosovon bereziki) eta egoera ekonomiko, politiko eta sozialak okerrera egin zuen. 1990: Milosevic-en alderdiak irabazi zituen lehenengo hauteskunde libreak. 1991: Jugoslaviako botere federalaren agintea desegiten hasi zelarik, Kroazian eta Bosnia-Herzegovina barnean gehiengo serbiarra zuten eskualdeek Serbiak eta Montenegrok osatuko zuten Jugoslavia berriarekin bat egin nahi izan zuten. 1992: Serbiak eta Montenegrok federatuta iraun eta Jugoslaviako Errepublika Federala izenari eustea erabaki zuten, Jugoslavia Berria izena eman ohi zaiona osatuz. Serbiarrek gidaturiko Jugoslaviako armada federalak Kroazia, Eslovenia eta Bosniako lurralde batzuk menperatu zituen. NBEko Segurtasun-Kontseiluak enbargoa ezarri zion Serbiari. 1995: Milosevic-ek Daytongo bake-ituna sinatu zuenean, NBEk enbargoa altxatu zion Serbiari.




Atzera