erreaktore

iz. 1. AERON. Erreakzio-motorea; motore-mota hau duen hegazkina. 2. KIM. Erreakzio kimikoak egiten diren tresnen izen generikoa. erreaktore nuklear. FIS. Fisio- edo fusio-erreakzio nuklearra sortzea eta kontrolpean izatea ahalbidetzen duen aparatua.
FIS. Erreaktore nuklearretako uranio oxidozkoak izan ohi diren erregai-barretan fisio-erreakzioak gertatzen dira. Lehenengo, neutroi batekin zatitzen da uranio-nukleo bat eta bertan, batetik, energia handia sortzen da eta, bestetik, neutroiak askatzen dira, beste nukleo batzuei erasotzeko aprobetxatzen direnak. Hemendik abiatutako katen erreakzioaren abiadura kontrolatu beharra dago. Horretarako modu desberdinak daude; hasteko eta behin, erreakzioa gertatzen den kamara barruko neutroi-fluxua erregulatu egin behar da (moderatzailea deitzen zaio neutroiak moteltzen dituen substantziari). Hala ere, neutroi guztiak ez dira kontrolatzen eta ihes egiten duten horiek atzeman egin behar dira erreaktorearen nukleora itzul daitezen. Lan hori isladatzaileari dagokio, eta "galdutako" neutroiak isladatu eta erregaira bideratzen dituen materialez egina dago. Neutroiak gehiegi ugal ez daitezen, kontrol-barrak ezartzen dira erregai-barren artean, normalean kadmiozkoak. Neutroiak absorbatzen dituzten elementu hauek desintegrazio-kopurua murrizten dute, eta zein erreakzio-abiadura komeni den, halako sakoneran sartzen dira. Era berean, erreaktoreko tenperatura neurriz kanpo igoko balitz, kontrol-barrak automatikoki jaitsiko lirateke eta errekzioa itzali egingo lukete.
Nolanahi ere askatzen den bero-energia handia da oso, eta behar-beharrezkoa da erreaktorearen nukleoa hoztea. Horretarako fluido hozkarria zirkularazten da etengabe erreaktore-nukleoaren inguruan. Normalean fluido hori ura izaten da eta bero-trukagailu batera bideratuz gero lurrin bihur daiteke, eta ondoren turbinei eragiteko erabili.
Erreaktore nuklear batek ez ditu beroa eta erradiazioak soilik sortzen; naturan ez dauden isotopo erradioaktiboak ere lortzen dira, eta hauek ikerketa zientifiko-industrialetan eta medikuntzan baliatzen dituzte bereziki. Zertara bideratu nahi den erreaktoreko produkzioa, mota batekoa edo bestekoa diseinatuko da. Gehien erabiltzen diren erreaktoreak ur arineko erreaktoreak (LWR) dira, moderatzaile eta hoztaile gisa ura erabiltzen baitute. Hauek, era berean, bitan sailkatzen dira: presiozko ura dutenak (PWR) edota ur irakina (BWR) erabiltzen dutenak.




Atzera