kobre

iz. KIM. Zenbaki atomikoa 29 eta pisu atomikoa 63,54 duen elementu kimikoa (Cu).
Kobrea IB taldeko metala da. 1.083 1/4C-ko fusio-puntua eta 2.567 1/4C-ko irakite-puntua ditu. Metal gorrixka da, oso harikorra eta beroaren eta elektrizitatearen oso eroale ona. Naturan egoera natiboan zein konbinaturik agertzen da. Kalkopirita, kuprita, bornita, malakita eta azurita dira kobre-mineral nagusiak.
Historiaurreko K.a. 8000. urtea inguruan harriaren ordez erabiltzen hasi zen kobre natiboa, K.a. 4000.a inguruan mineraletik erauzten hasi ziren eta handik lasterrera eztainuarekin aleatzen.
Kimikoki ez da oso aktiboa eta azidoekin normalean ez du erreakzionatzen; soilik azido nitriko eta sulfuriko kontzentratu beroek erasotzen diote. Hezetasunari eta oro har agente atmosferikoei oso ondo egiten die aurre; kanpoan denbora luzez utziz gero oxidazio txiki bat jasaten du eta geruza berde babeslea eratzen zaio.
Kobre komertziala galdaketaz ekoizten da eta ondoren elektrolisiz errefinatzen. Produkzioaren gehiena industria elektrikora bideratzen da, kable eroalea egiteko. Beste zati handi bat aleaziotarako baliatzen da, eta baita txanponetarako ere.
Munduko ekoizlerik handienak Txile, Estatu Batuak eta Sobietar Batasun ohiko estatuak dira.




Atzera