astronomia
iz. Astroen posizio erlatiboa, higidura, egitura eta bilakaera aztertzen duen zientzia.
Astronomia zientziarik zaharrena da, antza. Antzina astrologiarekin batera lantzen zen, newtondar fisikak astrologia sinesmenen eremura erabat mugatu zuen arte. Badirudi astronomia Mesopotamian jaio zela. K.a. 1600. urtearen inguruan babiloniarrek lehen izar-katalogoak egin zituzten eta K.a. IX. mendetik datu astronomikoen erregistroak egin zituzten. Eklipseak aurreikusten ere ikasi zuten, zergatik gertatzen ziren ez bazekiten ere. K.a. 500. urtearen inguruan filosofo grekoek unibertsoaren eredu kosmologikoak planteatu zituzten. Samoako Aristarkok eredu heliozentrikoa proposatu zuen, baina ez zuen arrakastarik izan eta Aristoteleren ideietan oinarritutako eredu ptolomeotarra edo geozentrikoa ondorengo bi mila urteetan nagusi izan zen: Lurra zen unibertsoaren erdigunea eta planetak Lurraren inguruan biraka ari ziren orbita zirkularrak osatuz. Erdi Aroan Antzin Aroko ezagumendu eta teoriak ez ziren eztabaidatu.
Astronomia modernoa XVI. mendean jaio zen, Kopernikok, astronomo helenistiko gehienen aurka, eguzki-sistemaren zentrua Lurra ez eta Eguzkia zela aldarrikatu zuenean. Ondorengo urteetan, Galileoren mekanikari eta Keplerrek emandako planeten higidura-legeei esker, eredu heliozentrikoa frogatu ahal izan zen, Galileok Eliza katolikoaren gaitzespenaren eraginez bere ideiei publikoki uko egin behar izan bazien ere. Betaurrekoa asmatu zen, horrek astronomiari bultzada handia eman ziolarik. Aldi bertsuan, Tycho Brahek ordurarteko neurketa astronomikoen doitasuna hobetu zuen. XVII. mendearen bukaeran Newtonek grabitazio-teoria deskribatu ondoren, astronomia zientzia zehatz bihurtu zen. Gainera isladapen-teleskopioa asmatu zuen, betaurrekoa baino hobea. Tresna hobeak eta teoria berria oinarri, ondorengo urteetan astronomia biziki garatu zen eta XVIII. eta XIX. mendeetan aurkikuntza asko egin ziren. Unibertsoari buruzko ezagutza oso sakondu zen, ordurarteko muga zen eguzki-sistematik irten eta izarrarteko espazioaren eremura zabalduz.
XX. mendearen hasieran, izarren eboluzioari buruzko ideia nagusiak garatu ziren eta Einsteinen erlatibitatearen teoria orokorrak Newtonen eredua ordezkatu zuen. 1945etik aurrera irrati-astronomiaren bidez teleskopio optikoez ezin ikus daitezkeen astroak detektatu dira. Horri esker gure galaxia kiribila dela jakin ahal izan da eta kuasare eta pultsareak aurkitu dira. 1950etik aurrera izarretako erreakzio nuklearrak elementu kimikoen jatorri direlako ideia eta unibertsoaren hasierari buruzko Big-Bang teoria finkatu dira. Bestalde, espazio-zunda eta satelite artifizialen bidez, astronomiaren aro berria hasi da. Izan ere, Lurreko atmosfera oztopo larria da zenbait uhin-luzera (gamma erradiazioa eta izpi infragorri eta ultramoreak, adibidez) behatu ahal izateko. Atmosfera zeharkatuta, unibertsoa zuzenean behatzeko aukera dago orain. 1990ean lehen teleskopio optiko espaziala, Hubble, orbitaratu zen.
Atzera